Estatuko funtsa udal eraikinak hobetzera bideratuko du udalak

Guaixe 2010eko otsailaren 2a

Enplegurako eta Jasangarritasunerako Toki Inbertsioaren Estatu funtsetik datozen 818.481 euroei zein erabilera eman adostu zuen aurreko ostegunean Altsasuko Udalak. Dirutza horretatik 654.457 euro lanak egitera bideratuko dira. Gastu hori aho batez onartu zuen udalak. Gainontzekoa, 164.024 euro, gizarte gastura edo ohiko gastura bideratuko du udalak. Gastu hori NaBai, IUN-NEB eta UPNren bozekin egin zuen aurrera. Sozialistak eta hautetsi independentistak abstenitu egin ziren. Bi taldeek ere, gizarte gasturako diru-poltsa hori aurrekontuak itxi aurretik negoziatzeko eskatu zuten. Aurreikusitako lanakAltzania eraikina 0 eta 3 urte arteko umeendako zikloa hartzeko moldatzen ari da udala. Eraikinaren hego-mendebaldean forjatua mugitu da eta horrek behe solairuko bi pareta eta soliboak hautsi ditu. Horregatik forjatu guztia indartu beharko da. Horretara 138.131 euro bideratuko dira. Horretaz gain, eraikin horretako teilatua konpontzeko 99.920 euro aurreikusi ditu udalak. Udalak erabaki du 174.696,12 eurorekin Burunda pilotalekuko teilatua eta argiteria berritzea. Hala, argindar kontsumoa murriztu eta fokuetara iristeko araudira egokitu nahi du udalak. Labadero eraikineko teilatua konpontzeko 71.885 bideratu ditu Altsasuko Udalak. Dantzalekuko igerilekuetan, besteak beste, saneamendua eta ur beroaren azpiegiturak berrituko dira 51.678 eurorekin. Udaletxean lanak eginen dira. 47.212 eurorekin, udaletxeko berogailua solairu bakoitzean independente bihurtuko da. Aldi berean, zurajea berrituko da. Azkenik, 25.000 euroko inbertsioa eginen da informatikan. Beste zatiaAltsasuko Udalak gizarte gastura edo ohiko gastura bideratutako 164.024 euroak horrela banatu ditu: 59.247 euro Zelandi eskola publikoko funtzionamendu eta mantenu gastuetarako; 52.750 euro Udan Euskaraz programarako; 44.760 euro ludotekarako eta 7.266,40 euro Dibertigarria, bateragarria programarako.