Ezker abertzaleak PSN, UPN eta EBren "arduragabekeria" salatu du

Guaixe 2010eko otsailaren 11

Udaleko hautetsi independentistek salatu dutenez, hiru alderdi horiek "erabaki dute Emakume eta Gazteria batzordeetan ez parte hartzea, ez baitute ezker abertzaleak zuzentzen dituen batzordeetan parte hartu nahi". Horrekin batera, hautetsi independentistek adierazi dute "jarrera horrek emakume zein gazteri alorretan egiten ari den udal-lana" oztopatzen duela. Ezker abertzaleko hiru zinegotziek PSNeko, UPNeko eta EBko ordezkarien "arduragabekeria eta herriaren alde lan egiteko borondate falta" salatu dute, eta galdetu dute "ordezkari horiek haien udal-soldatari uko eginen dioten".Ezker abertzaleko zinegotzien ustez "jarrera horrek udaleko bigarren indarra baztertzeko" saiakera da. Hautetsiek salatu dutenez, "beste paktu baztertzailearen aurrean aurkitzen gara". Eta gogora ekarri dute "legegintzaldi hasieran, Iruñetik agindutako ezker abertzalearen kontrako paktu baztertzailea martxan jarri zutela PSNk eta NaBaik, EBren adostasunarekin". Haren "porrotaren" ondoren ezker abertzalea "gobernu batzordeko partaide izatearen eta Emakume zein Gazteria batzorde-buru izatearen alde agertu da".