Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtetik urtera, ugaltzen doa jaialdira aurkezten diren dokumentalen kopurua. Aurten, esaterako, 719 film aurkeztu dira. Horien artean aukeraketa egin, eta 14 film luze eta 7 film labur lehiatu dira sekzio ofizialean. Fikziozkoak ez diren ikus-entzunezkoak dira: egile-dokumentalak, sormen dokumentalak, dokumental esperimentalak edo egunkari-zinema. 26.000 eurotik gora daude saritan. Sail berezianSekzio ofizialetik kanpo, zenbait lan ikusi daitezke Punto de Vista Jaialdian. Horietako atal berezi batean mustu zuten astelehenean Silencio, tiempo, memoria dokumentala. Agustin Gonzalez Acilu da dokumentalaren protagonista. Altsasuko konpositoreak bere ibilbide oparoan ardatz izan diren printzipioen inguruan hausnartzen du. Bere pentsamendua, lana eta jarreratik abiatuta musikara iristen da, edo Gonzalez Aciluk dioen moduan, isiltasuna, denbora eta memoriara. "Konposatzea, musikaren bidez adieraztea askatasuna irudikatzea da" dio altsasuarrak. Agustin Gonzalez Acilu 51ko Belaunaldian kokatzen dute adituek. Bere ibilbide sortzaileagatik nabarmendu da. Ehundik gora lan eta hamarka publikazio ditu eta sari handiak jaso ditu, iaz, esaterako Principe de Viana saria jaso zuen. Datu horiekin guztiek argi uzten dute Altsasuko musikariaren maila. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak lekua egin dio Vídeos/Documentos con artistas ikus-entzunezkoen bilduman. Blanca Oriaren eta Juan Zapaterren esku egon da zuzendaritza eta gidoia. Iaz aipatu bildumako lau dokumental argitaratu zituen Nafarroako Gobernuak. Horietako batek beste sakandar bat zuen protagonista: Jose Ramon Anda bakaikuarra. Bere unibertsoa jasotzen zuen Pulso a la materia bideo-dokumentalak.