Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima Euskara Taldeak igandean banatu zituen komiki mutuen lehiaketako sariak. Arturo Arrizabalaga, Jartur, komikigile altsasuarraren irudiei testua eta izenburua jartzean zatzan lehiaketa. Erantzun paregabea izan zuen euskaltzaleen deiak: 373 lagunek parte hartu dute, ia iazkoen bikoitzak. Horien artean maila bakoitzeko onena aukeratu du epaimahaiak. A mailan (9 eta 11 urte artekoak, 109 lan) Iker Sanchez Argullesek irabazi du saria Mikelen arazoa lanarekin. Epaileen hitzetan: "nahiz eta bukaeran neska nor den ez azaldu, besteek baino hobe borobildu du komikia. Originala da oso eta euskara ere nahiko ondo erabili du komikian". B mailan (12 eta 16 urte artekoak, 256 lan) Markel Galbete Arnanz izan da garailea, Rankin madarikatua lanarekin. Epaileendako "gaiak tratamendu originala du. Aurkezpen oso txukuna da eta marrazkiaren moldaketa sortzailea gaiarekin erlazionatuz. Hizkuntza zuzen eta aberatsa erabili du". C mailako (17 urtetik gora, 8 lan) saria Maialen Berdonces Goikoetxearen Biologiako lana komikiak eskuratu du. Epaileek azaldu dutenez, "originaltasuna, edukiaren garapen egokia eta idazkeraren garbitasunarengatik" eman diote saria. Irabazleek Urteaga liburu dendak emandako liburu sorta ederrak jaso dituzte.Kima Euskara Taldeak pozik hartu du egindako eskaintza honek jaso duen erantzuna. Eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei. ErakusketaKima Euskara Taldeak erakusketara eraman ditu lehiaketara aurkeztutako komikirik onenak. Altsasuko Gure Etxea eraikinean egon ziren ostiraletik domekara. Bertaratu direnek irudi beretik sortutako istorio ezberdinak ikusteko aukera izan dute. Handik pasatzeko aukera izan ez zutenek euskara taldearen web orrira jo dezakete.www.altsasukokima.comaurki web gunean egonen dira lehiaketara aurkeztutako lan guztiak.