Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilaren azken ostegunera hurbiltzen ari garen honetan, Testu bazkaz hitz egiteko garaia iritsi da. Altsasuko Kima Euskara Taldeak irakurtzeko plazeraz gozatzeko gonbitea egiten du. 16 urtetik gorako irakur zaletasuna duten sakandarrei eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite dutenei egiten diete eskaintza. Santa Ageda eta Inauteri osterako plan lasai eta atsegina izan daiteke. Lagundutako irakurketa egitean datza Testu bazka. Denon artean euskal idazle baten testu labur bat irakurri eta gero, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatuko dira. Ez da literatura-ezagutza espezifikorik behar eta ez da etxerako lanik izanen.Hileko azken ostegunerako egiten du deia Kimak. 19:00etan jarri dute hitzordua, Altsasuko Gure Etxea eraikineko 2. solairuan. Aurreratu dute hilabete honetan Katixa Agirreren testuak landuko direla. Antolaketa errazte aldera, aldez aurretik liburutegian edo altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidean izena ematea eskatzen du Kimak. Horretarako hilaren 23ra arteko epea dago.