Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Poesia idazle bezala ezagutzen dugu Castillo Suarez altsasuarra. Oraingoan ordea, bestelakoa idatzi du: Ebelina mandarina haurrendako lana. Eta, antza, ederki mustu du sail berria, egindako lanak XXVIII. Lizardi Saria irabazi baitu.Jesus Maria Olaizola Txikikuk, Miren Agur Meabek, Xabier Mendigurenek, Ruben Ruizek eta Imanol Lasak osatu dute epaimahaia. Bederatzi lanen artean aukeratu dute Castillo Suarezen lana. Altsasuarrak 3.700 euroko saria jasoko du eta, ohi bezala, lanaren 2.400 ale argitaratuko ditu Zarauzko Euskara Zerbitzuak. 2.010eko apirilean kaleratuko da argitalpena, sari banaketa egunean. Zarauzko euskara zinegotzi Imanol Lasak "zorionik beroenak" eman zizkion irabazleari. Eta hauxe nabarmendu zuen: "idazle gazteendako erakuslehio bikaina izan da Lizardi Saria historikoki. Castillo Suarez, gaztea izateaz gain, emakumea ere bada, eta aipatu beharreko kontua dela uste dut, irabazle gehienak gizonak izan baitira". Lizardi SariaZarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen du Lizardi Saria. Haur eta gaztetxeon euskarazko ipuingintzan izen eta garrantzi handienetakoa duen saria da. Horren adierazle da azken urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda, besteak beste: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal, Xabier Mendiguren Elizegi eta Ruben Ruiz. Aurrerantzean ohorezko zerrenda hori osatuko du Castillo Suarezek. IbilbideaEuskal Filologian lizentziatua da Castillo Suarez altsasuarra. Batik bat poesia idatzi du orain arte. Zenbait poema-sorta saritu eta argitaratu dizkiote: Iruñeko Udalak Amodio galduak (1999) eta Bitaminak (2000) eta Arabako Foru Aldundiak Iragarki merkeak (2000) eta Madarikazioa (2003). Horiez gain, liburu hauek argitaratu ditu: Mugarri estaliak (Susa, 2000), Spam poemak (Elkar, 2004), Bala hutsak (Elkar, 2006) eta Souvenir (Elkar, 2008. Joseba Jaka VI. literatur bekari esker burutua). Bestalde, zenbait hedabidetako kolaboratzailea da, besteak beste, Argia eta Berriakoa. Ebelina Mandarina da haurrei zuzendua idatzi duen lehendabiziko lana.