Ilbeltzeko bilkuran Alderdi Sozialistak NaBairi leporatu zion zortzi langabetu kontratatzeko aukera galtzea. Udalean aritzeko sei hilerako kontratua izanen lukete pertsona horiek kontratatuak izan balira. PSNren arabera Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako deialdia baliatzeko aukera galdu zuen alkatetzako taldeak. PSNk azaldu zuenez Nafarroako Enplegu Zerbitzuak %70 ordainduko luke eta gainontzekoa udalak. Alderdi sozialistaren arabera iaz langileen kontratazio hori "berandu eta gaizki" egin zen. Sozialistek galdetu zuten zergatik ez den "kontrataziorik egin, beharrezkoak direnean". NaBaik azaldu zuen sozialistak jakitun direla "aurtengo aurrekontuan kontratazio berrietarako aukerarik ez" dagoela. Eta gaineratu zuten udalaren sarrerak murriztu direnez, hainbat zerbitzutarako normalean egiten diren ohiko kontratazioak mantentzeko moldaketak" egin dituztela. "Kontratazioak egiteko ez proposamen ekonomikorik ezta langileek egin beharreko lanik ez aurkeztea" leporatu zien sozialistei NaBaik. Horretaz gain, koalizioak argitu nahi izan du "Sakanako Mankomunitatearen bidez deialdira proiektuak aurkeztu" dituztela. Azkenik, koalizioak jakinarazi zuen estatuko funtsaren bidez eginen diren lanetarako 16 pertsona kontratatuko direla.