Ane Martinez txukun

Guaixe 2010eko otsailaren 24a

Asteburuan, otsailaren 19tik 21era, XXVI. Erkidegoen arteko Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatu da Madrilgo M-86 igerilekuan. Nafarroako selekzioan aritu da Sakana Igeriketa Taldeko Ane Martinez Mazkiaran altsasuarra. 14 urteko altsasuarra nesken talde absoluturako hautatu zuten, eta hiru probetan aritu zen: banakako 200 metro libreetan eta taldekako bi probatan, erreleboetan: 4x50 metro libreetan eta 4x100 metro libreetan.  Lan txukuna egin du Anek, hainbat faktore kontuan hartuta. Ane 25 metroko igerilekuetan entrenatzera ohituta dago, eta txapelketakoa 50 metrokoa zenez, aldaketa hori asko nabaritu zuen. Eta horretaz gain 14 urte ditu altsasuarrak, eta berarekin aritu ziren igerilari asko eta asko nagusiagoak ziren, esperientzia handiagokoak. Baina ongi moldatu zen. 200 metro libreetan Kataluniako Erika Villaecija izan zen azkarrena (2:03.45), eta Ane hamahirugarrena izan zen (2:26.16). Taldekako erreleboetan bi probatan aritu zen. 50 metroko lauko erreleboetan Ilargi Agerri, Olaia Nuñez eta Silvia Lopezekin aritu zen, eta hamahirugarrenak sailkatu ziren (2:04.58). Hirugarren erreleboa osatu zuen nafarrak eta 30 segundoren bueltan osatu zituen bere 50 metroak. Madrilgo selekzioa izan zen txapelduna (1:46.80). Eta 100 metroko lauko erreleboetan taldekide berberak egin zituen, baina Ane izan zen lehen erreleboa egin zuena. Madrilgo selekzioak irabazi zuen (3:50.63) eta Nafarroako neskak atzera ere hamahirugarrenak sailkatu ziren (4:34.03). Hurrengo txapelketan aritu ahal izateko laneanUztailean haurren mailako kluben arteko Espainiako Igeriketa Txapelketak jokatuko dira Mallorcako Palman. Bertan aritu ahal izateko, 50 metro libreetan ondoko marka izatea eskatzen da: 29.60. Anek 29.65eko marka dauka. Eta 100 metro libreetan aritzeko 1:03.90-ko gutxieneko denbora eskatzen da, eta Anek 1:04.32koa dauka. Hemendik aurrera eta uztaila bitartean gutxieneko marka horietara iristea espero du Anek aipatu txapelketan aritu ahal izateko. Horretarako entrenatzen ari da altsasuarra, eta ea lortzen duen.