Haur eskolako lanak geldirik

Guaixe 2010eko otsailaren 25a

Ilbeltza akaberatik ez dago mugimendurik Altsasuko haur eskola hartuko duen eraikinean. Lanak egiten ari zen eraikuntza enpresak, Eycons Obras y Proyectos, ordainketa-etendura egin du. Udalaren asmoa da lehenbailehen lanak berriro hastea. Udaleko ordezkariak enpresaren egoeraren berri izan bezain laster Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri ziren. Behin baino gehiagotan izan dira Iruñean egoeraren berri emateko. Hirigintza zinegotzi Pedro Mari Zabalok azaldu digunez, "printzipioz, diru-laguntza (aurrekontuaren %65) mantendu egiten da". Diru-laguntza jaso ahal izateko Hezkuntza Departamentuak baldintzatzat jarri zuen lanak iazko azaroaren bata baino lehen hasi behar zutela eta urte bukaerarako lanen laurdena zertifikatua egon behar zuela. Eycons enpresak lanak lastaila akaberan hasi zituen. Zabalok azaldu digunez, Altzania eraikinean zeuden "antena parabolikoak eta airearen kalitatea neurtzeko kabina kendu behar izan zituzten lehenik. Eguraldi txarra ondoren eta, azkenik, eraikinaren hego-mendebaldean forjatua mugitu da eta horrek behe solairuko bi pareta eta soliboak hautsi zituen. Horrek guztiak atzerapenak sortu zituen". Hirigintzako arduradunak esan duenez, "baldintzak betetzeko, asmo txarrik gabe, zertifikatu bat egin zen". SalaketaAltsasuko Udalak Eycons epaitegietan salatu du. Zabalok azaldu digunez, "materiala desagertu da. Armadurak eta metalezko egiturak". Eyconsen hornitzaileek enpresaren egoeraren berri izan dutenean ekarritako materialak berriro eraman dituzte.Kritikak Hautetsi independentistek adierazi dutenez, "egoera NaBaik, Unai Hualde buru duela, legegintzaldi guztian egin duen kudeaketa eskasaren ondorio da, eta Aralarrek aurrekoan egin zuen kudeaketa eskasaren ondorio".  Hiru hautetsiek gogora ekarri dute "jokabide horien ondorioez ohartarazi" dutela. Hautetsi independentisten ustez "lan horien kudeaketan alkatetzari dagozkion ardura politikoak daude".  Horrekin batera, hautetsi independentistek gaurko bilkuran eskatuko dute "alkatearen agerraldia martxoaren bian izanen den ez ohiko bilkuran, beharrezko azalpenak eman ditzan".ModuluakNavarro Villoslada ikastetxea zenaren beheko solairua 0-3 urte bitarteko haur hezkuntza zentroa izateko moldatzeko lanak 1.061.189,14 euroren truke (BEZa kanpo) eman zizkion Udalak. Lanak 6,5 hilabete iraunen zutela aurreikusi zuen enpresak eta udalak ikasturte berriarekin zabaldu nahi zuen haur eskola. Baina lanek izanen duten atzerapenak ekarriko du udal zerbitzua Zelandi ikastetxe publikoko patioan jarritako moduluetan ematen jarraitzea. BigarrenaAltsasuko Udalak herri lanak eman eta bukatu ez dituen bigarren enpresa da Eycons. Geltoki auzoko eta Felix Arano kaleko sareak eta zoladura berritzeko lanak Construcciones Zaraz enpresari eman zion Udalak. Iazko ilbeltza akaberan hasitako lanak zazpi hilabete eta erdian egiteko asmoa zuen. Krisiak jo zuen enpresa eta udalak zenbait luzapen eman behar izan dizkio lanak despeditu ahal izateko. Zabalok jakinarazi digunez, "enpresak kontratuari uko egin dio. Zoladura kapa bat ematea falta da".