Beste kolpe bat

Guaixe 2010ko ots. 26a, 00:00

Kolpe latza jaso zuten atzo arratsaldean Gamesako langileek zuzendaritzak enpresa itxiko zuela iragarri zienean. Langileek espedienterenbat, lekualdatzeak edo bestelako neurriren bat espero zuten, baina ez itxiera. Langileekin batera, herritarren gogoan ere kolpe latza izan da iragarpena. Altsasuko Gamesako zuzendaritza eta enpresa batzordeak (6 ELA eta 2 LAB) hilero bilera egiteko ohitura dute. Azaroaren 20az geroztik ez zuten bilerarik egin, eta langileen ordezkariek atzo arratsaldeko 17:30erako deitu zuten bilera. Enpresa batzordeak gai zerrenda luzea zeraman bilerara. Zuzendaritzako ordezkariek jakinarazi zietenez, "guk gai bakarra dugu eta ikusiko duzue hori tratatzean beste guztiez hitz egitea ez duela merezi". Horrela jaso zuten langileek Gamesaren asmoa: kontratu guztiak hausteko enplegu erregulazio espedientea (EEE) aurkeztuko du. 150 langile kalera.

Zuzendaritzatik aurreratu zuten langileen %30 (45 bat) beste lantegi batzuetan kokatzeko aukera izan daitekeela. Baina non eta zein baldintzetan zehaztu gabe. Heldu den asteartean beste bilera bat eginen dute aldeek eta horren araberako erantzuna prestatuko dute langileek. Hala ziurtatu digu enpresa batzordeko kide batek.

Itxierarako arrazoiak
Atzo bertan Gamesak jakinarazi zuen iaz 115 milioi euroko irabazi gordina izan zuela, %64 gutxiago. Altsasuko EEEz gain, estatuko hainbat lantegietako 212 langileri kontratuak aldi baterako eteteko EEE aurkeztu du enpresak. Gamesak neurri horiekin "produkzioa gaur egungo eskaerari egokitu" nahi dio. Gamesak zabaldu duen oharrean dioenez, "Espainian haize industria ia erabat geldituta dago; Europan, berriz, atzeratze gogorra ari da izaten".  Altsasuko lantegiari dagokionez, Gamesak azaldu du "aurreko arrazoiez gain, lantegiaren neurriagatik ez da bideragarria han beste produktu batzuk ekoiztea". Altsasun ekoizten diren palak erabiltzen dituzten turbinen eskaerak behera egin duela ere esan du Gamesak.

Lantegia
1996ko martxoaren 9an hasi ziren lan egiten lehen 15 langileak. Apirilean eta maiatzean beste 15na langile sartu ziren lanera. Gaur egungo 150 langileak izan arte. Fiberblade eta Gamesa izenekin martxan egon den urteetan lau pala modelo ekoiztu dituzte. Enpresa batzordetik adierazi digutenez, "Gamesa taldean kalitate gehien duten palak egiten ditugu hemen". Altsasuko lantegia Gamesako lehen pala ekoizpen lantegia da. Enpresa batzordeko kide batek azaldu digunez, "esperientzia gehien dugun lantegia da. Horregatik, gaur egun Altsasuko lantegiko 32 langile Agoitzen daude, hango lantegia martxan jartzeko".

Erreakzioak
Altsasuko Udala
Atzoko ohiko batzarrera iritsi zen Gamesaren itxieraren oihartzuna. Altsasuko Udalak erabaki zuen Gamesako zuzendaritza, langileen ordezkari eta industria kontseilariarekin bilera bana egitea. Udala enpresa batzordearen esanetara jarriko da. Ekonomia garapen batzordean ere lantegiaren itxieraz ariko dira udal ordezkariak. Bestalde, Altsasuko ekonomia egoera aztertzeko Nafarroako Gobernuari bilera eskatu zion udalak aspaldi, eta erantzunaren zain dago oraindik.

Nafarroako Gobernua
Gamesari Altsasuko lantegiaren itxiera "berriz pentsatzeko" eskatu dio Nafarroako Gobernuak. Horrekin batera, Jose Maria Roig industria kontseilariak Gamesak "lan eta ekoizpen jarduerak mantenduko dituen alternatiba errealak aurkezteko" eskatu du. Kontseilariak ere enpresarekin "urgentziaz" biltzeko asmoa azaldu du. Ondoren, enpresa batzordearekin batzartzeko nahia ere agertu du.

Ekoizpena
Altsasuko lantegian haize errotendako palak egiten dituzte. Zehazki G5 turbinarako (850 kilowattekoa) palak.