Turismo bulegoa Baratzekobide plazan

Guaixe 2010eko martxoaren 4a

Asteazkenean Altsasuko Udalak erdigunean dagoen plaza horretako bost zuhaitz handi moztu zituen. Turismo bulegoa hartuko duen tren-makina jartzeko aurreneko urratsa da hori. Trenbide makina trenbide baten gainean jarriko da eta langileak hura prestatzen hasiko dira hurrengo egunetan. Horrekin batera, trenbide bukaeretan dagoen topea ere eginen dute. Udaletik jakinarazi digutenez, gauzak ongi, tren-makina hilaren 13an, larunbatarekin jarriko dute bere kokalekuan. Horretarako Sunsundegui lantegitik hiru zatitan ekarriko dute: gurpilak alde batetik, makina bera bestetik eta katenariara lotzen zuen tresneria bestetik. Zuhaitzen mozketak denetariko iritziak sortu ditu altsasuarren artean. Altsasuko Udaletik jakinarazi digute turismo bulegoa kokatu eta gero zuhaitz berriak landatuko dituztela. Hori bai, zuhaitz berriak ez dira moztu direnen tamaina berekoak izanen. Udaletik ohartarazi digute moztutako zuhaitzek, zuten tamainagatik, zartatuz gero arriskua ere sor zezaketela. Venancio Amilloanok bere burua eskaini du moztutako hiru enborrekin eskultura bana egiteko. Ondoren, Baratzekobide plazan jarriko lirateke.