Emakumeen zinea emakumeendako

Guaixe 2010eko martxoaren 4a

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da martxoaren 8an. Data hori gogoan, Altsasuko kultura eta berdintasun sailek leku berezia egin die emakumeei hasi berri dugun hilabeteko zineforumean. Batetik, filmei dagokienez, emakumeek zuzendu eta haiek protagonista dituen filmak eskainiko dituzte. Pantailaren beste aldean, aretoan ere, emakumeak izanen dira protagonista. Izan ere, lau ostegunez jarraian emakumeek dohainik izanen dute sarrera.Emakumeen Batzordeak bultzatu eta Altsasuko Udalak onartu du neurria. "Emakumeok orokorrean pobrezia maila altuagoa dugu eta, familia eta lan kargengatik, aisiaz gozatzeko traba gehiago dugu. Gainera, Altsasuko Udaleko aurrekontuak ekitatiboki gastatzen ez direla ikusita, ekimen hau bideratu dugu" azaldu dute. Atzo izan zen lehen emanaldia eta Courtney Hunten Frozen River ikusteko aukera izan zen. Datorren ostegunetan, martxoaren 11n, 18an eta 25ean, hurrenez hurren, film hauek ikusteko aukera izanen da doan: Doris Dörrieren Cerezos en flor, Mar Collen Tres días con la familia eta Mercedes Álvarezen El cielo gira. Gonbidapenak Iortia kultur guneko sarreran hartu behar dira ordu bete lehenago.