Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Gamesak Sarrigurenen duen egoitzatik abiatu eta Nafarroako Gobernuaren Iruñeko egoitzaraino martxa egin zuten Gamesako langileek. Behin hara iritsita langileek mezu argia luzatu zuten: "inplikatzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Gamesan diru publiko asko jarri du, eta enplegu erregulazio espediente honetan asko du esateko". Horrekin batera, espedientea Madrilen negoziatu beharrean Nafarroan negoziatzeko eskaera egin zuten langileek. Bestalde, badirudi Gamesako enpresa batzordea bihar bilduko dela Jose Maria Roig kontseilariarekin. Nafarroako Parlamentuko talde guztiek, UPN ez beste, Roig kontseilariak argibideak emateko eskatu dute. Ezker abertzaleaSakanako ezker abertzaleko hautetsiak agerraldia egin zuten eta Gamesaren Altsasuko lantegiaren itxieraren kontra agertu da. Nafarroako Gobernuaren kontra egin du ezker abertzaleak, hark "bultzatzen duen eta denok sufritzen dugun eredu neoliberalak erraztu eta bultzatzen du langileak erabili eta botatzeko tresna gisa hartuak izan daitezen". Ezker abertzaleko hautetsiek aitortu dutenez, "gure bailarako egoera zinez larria da. Horregatik ezinbestekoa ikusten dugu esku hartzea". Ezker abertzaleko hautetsien iritziz, "alderdi eta sindikatuen sigletatik haratago eta lekuan lekukoa gaindituz, Sakanak bere etorkizuna defendatzeko garaia da". Horrela, ezker abertzaleak "Sakanaren eta bere etorkizunaren aldeko defentsan indarrak biltzeko apustua egiten dugu, eta bide horretan indarrak biltzeko gure prestutasuna" adierazi du. Horrekin batera, hautetsiek dei egin dute lanpostuen defentsan eta GAMESAren itxieraren kontra eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko.