Sexu indarkeria zinemara

Guaixe 2010eko martxoaren 9a

Hori da Helena Tabernaren azken egitasmoa. Nagore Laffageren kasuan sakonduko du. Historia erreal horretatik abiatuta, emakumearen aurkako indarkeria landuko du. Zine dokumental formatua aukeratu du egitasmo honetarako. Nagore Laffage irundarra Iruñean, San ferminetan hil zuen Jose Diego Yllanesek 2008an. Hilketak samina sortu zuen Nafarroan eta oihartzun handia izan zuen Espainiako komunikabideetan. Baina Helena Tabernaren ustez badira prentsak kontatu ez dituen gauza asko. Gaian sakontzeko tresna aproposa iruditzen zaio dokumentala. "Komunikabideek informazio asko zabaltzen dute, baina egunerokotasunak azterketa eta hausnarketa eragozten ditu. Zine dokumentalak gaietan gehiago sakontzeko eta normalean aipatzen ez diren gauzak argitara ateratzeko aukera ematen du" dio zuzendari altsasuarrak. Nagore izena izanen du filmak eta Lamia Producciones enpresak ekoitziko du. Ez da lan erraza izanen, gaia delikatua baita. Baina puri-purian dauden gaiak lantzen esperientzia du Helena Tabernak. Hori erakutsi du, esaterako, Yoyes, Extranjeras eta La buena nueva filmetan.