Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenean Altsasuko Udalak bilkura izan zuen eta aurreko astean Baratzeko bide plazan moztutako bost zuhaitzen gaia atera zen, bukaeran. Gaiarekin kezka zuten bizilagunei hitza eman zitzaien. Udalak erabaki zuen turismo bulegoa izanen den tren-makinaren jartzeko lanak geldiaraztea, tokia adostu bitartean. Larunbatean jartzea aurreikusia zegoen. Udaletik gogora ekarri zen hirigintza batzorde batean bi kokapen proposatu zirela: Baratzeko bide plaza eta Idertzagain kalea, Aita Barandiaran egoitzaren ondoan. Iazko garilaren 22an egindako bilkura hartan Idertzagain kalearen alde egin zuen batzordeak. Ondorengo hirigintza batzorde batean tren-makinaren garraioa aztertu zen eta alternatibak aztertzea erabaki zen. Horrekin batera, Altsasuko Dendarien Elkartearen eskaera etorri zen, turismo bulegoa "erdigunean" kokatzea eskatzen zuen. Astelehenean udaletxean azaldu zenez, batzordean adostutakoaren "irakurketa" okerrak ekarri zuen bost zuhaitzak moztea. Alderdi sozialistak zuhaitzen mozketaren arduradunen dimisioa eskatu zuen. UPNk, bestalde, hirigintza zinegotziarena eskatu zuen.