Sakanako rock, punk-oi eta ska elkarrekin

Guaixe 2010eko martxoaren 12a

Altsasuko Gaztetxeak kontzertu hirukoitza hartuko du bihar gauean. Hiru talde igoko dira oholtza gainera: Alerta gorria, Garagardo gura eta Disturbio; estilo ezberdineko taldeak, baina guztiak ere ezaugarri komunarekin, denetan ere presentzia berezia dute sakandarrek. Arbizuko gazteek osatzen dute Alerta Gorria. Iaz sortu zuten punk-oi! taldea eta dagoeneko abestiak sortzen eta zuzenekoak eskaintzen hasiak dira. Taldea ezagutzen ez dutenek aukera ona dute larunbatean. Garagardo Gura da agertokira igoko den beste talde bat. Arabakoak dira taldekide gehienak, baina altsasuarrak ere badira. Ska eta reaggea ekarriko dute Altsasuko Gaztetxera. Disturbio taldeak osatzen du biharko kartela. Arabako Lautadan, Agurainen, punk-aren harrobi agortezinean sortu zen taldea. Baina bada sakandar bat taldean, Aritz Igeltz lakuntzarra. Taldeak bere hiru diskoetan erakutsi duen bezala, hard-rock-a, punk eta heavy-arekin nahasten ditu lotsarik gabe. Estilo guztiez gozatzeko aukera izanen da bihar Altsasuko Gaztetxean.