Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aspaldiko manifestazio jendetsuena. Hala zioten askok eta askok ostiral iluntzean izan zen mobilizazioaren ondoren. Antolakuntzaren arabera 1.500 pertsonek esan zioten ezetz Gamesaren itxierari eta enplegu erregulazio espedientea (EEE) gelditzea eskatu zuten. Enpresa batzordeak nabarmendu zuen espedientea negoziatzeko beraiek direla "legitimitatea duten bakarrak". Enpresak kontsulta epean enpresa batzordea parte hartzea ukatu zuela salatu zuten. Horrekin batera, berretsi zuten Altsasuko lantegia "bideragarria" dela. Langileen ordezkariek gaineratu zutenez, "enpresak eskainitako birkokapenak ez dira onargarriak, Tuterara joateko prest ez gaude". Imarkoain eta Agoitzen Gamesak dituen lantegiek Altsasukoaren langileen %40 (60 bat langile) har litzakete, "hori onar litekeen bakarra da". Hala ere, Altsasuko lantegia ez ixteko eskaera berretsi zuten. EskaerakELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek ibarrerako indrustrializazio plana eskatu zuen, eta hartan emakumeendako lana kontuan izatea aldarrikatu zuen. LABeko ibarreko ordezkari Gaizka Uhartek, bestalde, Sakanako erakunde, politika eta gizarte eragileei eskatu zien "ibar bezala erantzun bat" artikulatzeko, "eskualdearen garapen integral eta orekatura hurbilduko gaituzten alternatibak" ematea ere. Sakanako hainbat alkate eta zinegotzik bat egin zuten manifestazioarekin. UPN ez beste gainontzeko alderdietako kideak izan ziren manifestazioan. Ostiraleko manifestazioan ere ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz egon zen.