Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haize Berriak bandak, Nafarroako Banden Federazioarekin batera, tronboi irristailudun edo bara tronboi ikastaroa eta Jazz tronboiaren hastapen ikastaroa antolatu du. Haren bidez, Nafarroan ikasketa ofizialetik kanpo dagoen hutsunea bete nahi izan dute. Era berean, zenbait herri eta adinetako tronboi joleak elkartzeko gunea sortu nahi dute. Carlos Gil (Valentziako kontserbatorioko tronboi irakaslea), Victor de Andres (Gasteizko Udal Bandako bakarlaria) eta Marco Bellizi (Nafarroako Pablo Sarasate Goi Mailako kontserbatorioko Jazz tronboiko irakaslea) izanen dira irakasleak. Gainera, Arkaitz Mendoza piano jolearen laguntza izanen dute. Ikastaroa apirilaren 30etik maiatzaren 2ra izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean. Bertan lekua izanen dute goi mailako ikasleek (12), erdi mailakoek (12) eta oinarrizko mailakoek (30). Matrikulak 150 euro (goi mailako aktiboak) eta 20 euroren (oinarrizko mailako entzuleak) artean daude. Bertan lo egiteko aukera ere badago. Izena emateko, bandahaizeberriak@hotmail.com helbidera jo behar da.Tronboi joleei ez ezik, musika tresna hau ezagutu nahi dutenei ere deia egin diete. Helburu horrekin kontzertuak, erakusketak, filmak eta proiekzioak egonen dira aipatu asteburuan.