Asteartean Nafarroako Parlamentuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Batzordean Gamesaz aritu ziren hizketan. Jose Angel Agirrebengoa Imazek (NaBai) aspaldi eskatu zuen Altsasuko Udaleko ordezkaritza baten agerraldia. Altsasun langabeziagatik dagoen egoera larria azaldu zuten Pedro Mari Zabalok (NaBaik) eta Migel Angel Perez Hurtadok (PSN). Zinegotzi altsasuarrek enpresak kokatzeko eskaerarekin batera industria lurra eskatu zuten. Gamesa. LangileakZinegotzien ondoren Gamesako enpresa batzordeko bost kidek parlamentariei haien ikuspuntua azaldu zieten. Gamesaren datuak erabiliz "itxieraren kontraesana" azaldu zuten. Enpresa batzordetik azaldu zutenez, "guk egiten dugun pala mota saldutakoen %29 izan zen. Iaz gainera pala horren salmenta handitu egin zen, %17tik 29ra pasaz. Ez dugu ulertzen bi hilabeteren ondoren inolako eskaerarik ez egotea". Azaldu zutenez, Altsasun egiten den pala modelo hori, Miranda de Ebron eta Txinan ere egiten da, "azken horretan gutxi". Langileen ordezkariek argudiatu zuten "energia berriztagarrien sektoreak etorkizuna" duela, "orain finantziazio arazoak dituzte, baina pasako da". Gogora ekarri zuten ere Iberdrolak Gamesarekin 120 milioi euroko kontratua sinatu duela haize erroten parkeak mantentzeko. Azaldu zutenez, "hiru motako haize errotak daude. Munduan 7.000 argindar-sortzaile daude guk egiten ditugun modeloko (G52) palak dituztenak, hau da 21.000 pala. Haiek Altsasun konpondu edo ordezkatu daitezke". Gamesa. EnpresaZuzendaritzako kideak ere izan ziren asteartean Nafarroako Parlamentuan. Altsasuko lantegia itxi beharra dagoela azaldu zuten berriro. Baita 150 langileetatik 90 birkokatzeko plana ere azaldu zuten. Gamesako ordezkariek azaldu zutenez, Altsasuko lantegia "ez dago beste pala modelo batzuk hartzeko prest. Besteak bai". Ezker Batuko Ion Errok galdetu zuen zergatik ez zen lantegia egokitu, baina ez zen erantzunik izan. ZamudionGamesako langileak gaurkoan greba egin dute eta Zamudioko teknologia-parkera joan dira. Parkeko sarreratik Gamesak duen egoitzarainoko ibilaldia egin dute. Behin han giza baliabideetako arduradunari itxieraren kontrako argudioak azaldu dizkiote. Horrekin batera, langileak Gamesako pieza garrantzitsuena ez direla esan diote. Izan ere, duela bederatzi bat urte Gamesak langileei kutxatxo pertsonalizatu bat oparitu zien. Barruan, kotoi artean zegoen popin bat zegoen eta enpresarendako "pieza garrantzitsuena" zirela zioen txarteltxo batek, "horregatik kotoi artean" zituztela.Iruñera martxaHeldu den ostegun eta ostiralean Gamesako langileek greba eginen dute. Ez hori bakarrik, Altsasutik Iruñerako martxa eginen dute. Ostegunean, Irurtzunera arteko bidea eginen dute eta han lo egiten geldituko dira. Ostiralean, berriz, Iruñera arteko bidea eginen dute. Hiriburuan lo egin eta larunbatean haien aldarrikapenak zabalduko dituzte. Larunbatean bertan ELAk, LABek, ESK-k, STEE/EILASk, HIRUk eta EHNEk lan erreformen kontra deitutako mobilizazioan parte hartuko dute.