Musika eskolako ikasleak oholtza gainera

Guaixe 2010eko martxoaren 22a

Ikasturte osoan zehar lan itzela egiten dute Altsasuko musika eskolako ikasleek. Gogotsu lan egin behar izaten dute musika tresna klaseak eta ikasgai osagarriak behar bezala jarraitzeko. Hiruhilekoaren amaieran, arnasa hartu eta musika tresnarekin gozatua hartzeko aukera eskaintzen du musika eskolak. Horretarako antolatzen dira musika eskolako ikasleen entzunaldiak. Ia aste osoa hartuko dute Altsasuko Musika Eskolako ikasleen entzunaldiek. Astelehenetik ostegunera, 19:00etan, herriko etorkizuneko musikariak ezagutzeko aukera izanen da. Kontzertu anitzak izanen dira: haizezko instrumentuak, sokazkoak, pianoa, akordioa, trikitixa, gaita, bateria, gitarra eta beste entzun ahal izanen dira, bakarka nahiz taldean. "Orain arte musika tresna bakoitzak egun bat izaten zuen. Aurten berriz, egun guztietan instrumentu guztiak sartzen saiatu gara, kontzertuak ahalik eta anitzenak eta atseginenak izan daitezen" esan ditu Josu Estarronak. Beraz, gaurtik ostegunera, hamaika musika tresna entzuteko aukera izanen dugu. Sarrera doan izanen da.