Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean Josefina Arregi klinikako kudeatzailearekin bilera egin ondoren, PSNko kideak prentsaurrekoa eman zuten. Maria Chivite parlamentaria, Juan Miguel Perez eta Mari Jose Notario zinegotzi altsasuarrak izan ziren agerraldian. Sozialistek UPNri leporatu zioten Nafarroako Parlamentuak onartutakoa ez betetzea. PSNko kideek klinikak aurrera egiteko egin beharrekoa egitea eskatu zion UPNri. Erregionalisten borondate politiko faltak klinika eta 50 lanpostu arriskuan jarri dutela salatu zuten sozialistek. Gainera, UPNko gobernuari Sakanarekiko sentsibilitate falta leporatu zioten. Eta klinikaren alde ahalegintzeko eskatu zioten gobernuari, "Gamesarekin egiten duen moduan". Aurreko astean Maria Kutz Altsasura etorri zenean klinika zergatik ez zuen bisitatu galdetu zuten sozialistek.Kazetariek Chiviteri galdetu zioten Nafarroako aurrekontuetan zergatik ez dagoen klinikarendako diru-sailik, aurrekontu eztabaidan hori eskatzen zuen bi mozio zeudenean. Eledun sozialistak esan zuen ardura orain Nafarroako Gobernuarena dela. "Nahi dutenean dirua ateratzen dute. Diru-sailik ez dagoela aitzakia hutsa besterik ez da". MozioaMari Jose Notariok jakinarazi zuenez, klinikak urte hasieratik ez du laukorik jaso. "Gaur egun zeuk aukeratu, zeuk erabaki programatik jasotako ekarpenekin ari da aurrera egiten klinika". Kutzek azaldu zuenez hitzarmena apirilean hasiko zen, bitartean ordainketak egiten ari omen zen departamentua. Notario kexu azaldu zen ohe guztiak kontzertatuta ez egotean diskriminazioa sortzen dela, kontzertatutako ohea eskuratzen dutenen eta ez dutenen artean. Osteguneko Altsasuko Udalaren bilkuran mozioa aurkeztu PSNk, "talde guztiek zentroko gerentzia eta presidentziarekin batera martxan jarri gaitezen eta klinikak ateak itxi ez ditzan". Zentroren lana aitortzen du. Klinika ez ixteko eta 50 lanpostu ez galtzeko 21 oheak kontzertatzea eskatzen du mozioak. PSNk igandeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du.