Arratsalde bat Carmenekin

Guaixe 2010eko martxoaren 22a

Zer da erritmoa? Zer da esaldi musikala? Zer da... Ez dira azterketa bateko galderak, Haize Berriak bandaren emanaldian Sevillako tabernari batek (Ruben Velascok) luzatutakoak baizik. Bandak ezohiko emanaldi bikoitza eskaini zuen larunbat arratsaldean.Agertokian, musikarien aurretik, tabernari-aurkezlea agertu zen. Hark azaldu zuen hurrengo orduan eginen zen musika-bidaia. Musika klasikoaren sekretuak azaltzeko Carmen opera aukeratu zuen, protagonistak nafarrak direlako agian. Baina opera guztia eskaini beharrean, Bizeten lana xehatu egin zuten tabernariak eta bandak. Horrela, konpositoreak pasarte bakoitza nola antolatu zuen eta bestelako bitxikeriak ezagutu ahal izan zituen publikoak. Guztia, umorez. Musikariak ere umore horren protagonista izan ziren eta, hala, Torero-tronpetista opera kantaria ezagutu zuen publikoak. Zuzendariak berak Bizeten garaiko jantziez zuzendu zuen emanaldia. Ordu bateko iraupena izan zuen eta publikoa ase egin zuen.