Alberto Zerainek K2 ekarriko du Altsasura

Guaixe 2010eko martxoaren 26a

Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak mendiari lotutako ikus-entzunezkoen zikloaren barruan, bihar, martxoaren 27an, larunbatean, Alberto Zerain mendizale ezagunak K2 mendiari buruz prestatutako proiekzioaz gozatzeko aukera izanen da Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Alberto Zerain (Gasteiz, 47 urte) esperientzia handiko mendizalea da. 17 urterekin eskalatzen hasi zen, baina beranduago mendi igoeratan zentratu zen. Dagoeneko 6 zortzi milako igoak ditu: Everest (8.848 m, 1993an, Everest igotzen lehen arabarra), Makalu (8.463  m, 1995ean), Lhotse (8.516 m, 2001ean), Gasherbrun I (8.068 m, 2006an) eta Gasherbrun II (8.035 m, 2006an), K2 (8.611 m, 2008an) eta Kangchenjunga (8.598 m, 2009an). "Al filo de lo imposible" telebista saioko kolaboratzailea da. 2008ko abuztuaren 2an Alberto Zerain K2ra igo zen, eta egun horretan bertan ezbehar larri bat jazo zen: izotz-jauzi batek bere atzetik zihoan espedizio atzerritar bateko 18 mendizaleak harrapatu zituen eta horietako 11 hil egin ziren. Zerain istripua izan zuen espedizioarekin atera zen 13:00ean hirugarren kanpamendutik. Apurka-apurka, espedizio horretako kideak atzean geratzen joan ziren eta orduantxe gertatu zen zorigaitza. Alberto Zerain 15:00etan tontorrera iritsi zen. Kanpamendura bueltako bidean ez zen ezbeharraz ohartu, eta kanpamendura iristean eman zioten gertakariaren berri. "K2 nobela izan da niretzat, asko eman dit. Planifikazioan bete-betean asmatu nuen, eta bakarrik joateak askatasuna eman zidan uneoro erabaki egokiak hartzeko" adierazi zuen orduan Gasteizko mendizale handiak. Bada, K2 igoeraren eta planifikazioaren berri eta gertatutako istripuaren berri bere ahotik entzuteko aukera paregabea izanen da bihar Altsasun.  Lizarrusti-Zaldibia Sakanako MendizaleekinIgandean, martxoaren 28an, Lizarrusti-Zaldibia mendi irteera antolatu du Sakanako Mendizaleak taldeak. Goizeko 8:00etan jarri dute hitzordua Lizarrustin, eta bertatik abiatuta eta Zaldibiara bitarte goiz pasa ederra eginen dute.