Juniorrak Altsasuko 52. Ramos saria

Guaixe 2010eko martxoaren 26a

Junior edo gazte mailako tropelak bi proba izanen ditu asteburuan. Larunbatean, hilak 27, 70. Gareseko Itzulia dute jokoan 16:00etatik aurrera, 75 km-ko lasterketa. Eta igandean Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 52. Trofeo de Ramos saria dago jokoan Altsasun. Txirrindulari juniorrak goizeko 10:30ean abiatuko dira Altsasutik, 79 km-ko ibilaldi gogorra egiteko. Lehenik eta behin Etxarri Aranatzera joko dute, bertan buelta hartu eta Olaztiko bidea hartuko dute, Altamira portua igotzeko. Altamira jaitsi ondoren Etxarri Aranatzeraino helduko dira, eta bertatik Lizarragako bidea hartuko dute, Lizarragako portua igotzeko. Portua igo eta Arbizutik jaitsiko dira, atzera ere Altsasuraino jo eta Altamira portua bigarrenez igotzeko. Portua jaitsi eta Altsasura joko dute txirrindulariek, Sociedad Deportiva Alsasua egoitzaren parean dagoen helmugaraino. AfizionatuakIgandean afizionatu mailako bi lasterketa daude jokoan. Eibarren XXXIV. Balentziaga Memoriala dago jokoan, Espainiako Koparako baliagarria dena. Goizeko 9:00etan abiatuko da eta 163 km-ko lasterketa gogorra da, ondoko portuekin: Itziar (3. maila), Meagas (3. maila), Elgeta (2. maila), Areitio (3. maila), Ixua (lehen maila) eta San Migel (3. maila). Bestalde, 23 urtez azpiko afizionatuek XIV. San Migel Saria dute jokoan, Laukizen. Goizeko 10:30ean abiatuko da 93 km-ko lasterketa. Bestalde, igandean, 10:30ean, master mailako proba izanen da Gorraizen.