Udaberria rumba erritmoan

Guaixe 2010eko martxoaren 25a

Negu latz eta ilunaren ondoren, hemen da udaberria. Altsasuko Gazte Asanbladak rumba alaiarekin emanen dio ongi etorria urtaro berriari. Eta ez da nolanahiko taldea etorriko: Gertrudis talde ospetsua dator Kataluniatik. Flamenko, rumba, reggae, cumbia eta ekialdeko erritmoen fusioan adituak dira kataluniarrak. 8 urteko ibilbide paregabean 500 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte. Ospe handiko jaialditan parte hartu dute; besteak beste, Popckom (Alemania), Womex (Sevilla), Les Mediterraneennes (Frantzia), Affrocaribbean Festival (Belgika), Mercat Musica Viva del Vik (Katalunia), La Noche en Blanco (Madril), Bam (Bartzelona) eta Quebec City Summer Festival jaialdietan. Ibilbide oparo horretan zenbait talde ezagunekin batera aritu dira; hala nola, Nofx, The wailers, Ojos de Brujo, Kiko Veneno, La cabra mecanica, Delincuentes, Gipsy Kings eta Los Manolos taldeekin. Argitaratu dituzten lau diskoek oihartzun handia izan dute. Bigarren diskoak grammy latindar bat irabazi zuen. Hirugarren diskoa, berriz, Jarabe de Palo taldearekin elkarlanean ateratakoa, Word chart zerrendan sartu zen. Haien abestiek ohiko lekua dute irrati uhinetan, Oye, Mundo waka edo Samarreta kantuek esaterako,. Horiek eta beste zenbait entzuteko aukera izanen da gaur gauean, Altsasuko Gaztetxean.