Udala Etxegarateko bidesariaren kontra

Guaixe 2010eko martxoaren 31

Aurreko ostegunean Altsasuko Udala, aho batez, Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait errepidetan bidesariak jartzearen kontra azaldu zen. A-1 eta A-15 autobiak eta N-121-A errepidea prestazio altuko azpiegiturak direla eta ez autopistak nabarmendu du Altsasuko Udalak. UPNk proposatutako akordioaren berri Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko dio udalak.Bilkura berean, Josefina Arregi klinikaren inguruan PSNk aurkeztutako mozioak UPN ez beste gainontzeko taldeen babesarekin egin zuen aurrera. Sozialistek ere Paris inguruan izandako tiroketaren inguruko mozioa aurkeztu zuten. Gendarme bat hilik suertatu zen tiroketa batean. Udalak heriotza salatu, familiari elkartasuna adierazi, Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrei babesa azaldu eta ETA berehala desagertzeko eskatu zuen. PSN eta UPNren aldeko bozekin eta NaBai eta hautetsi independentisten abstentzioarekin aurrera egin zuen mozioak. AnzaNaBaik eta ezker abertzaleak Jon Anzaren heriotzaren inguruko mozio bana aurkeztu zuten. Hautetsi independentisten mozioak ez zuen aurrera egin eta koalizioarena alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zen. Azken horren bidez, Altsasuko Udalak Anzaren heriotzagatik kezka adierazi du eta kasua argitzea eskatu du. Horretarako erakunde independentez osatutako batzordea osatzea eskatu du.Onartua izan ez zen hautetsi independentisten mozioan, kezka azaltzearekin batera, Baionako prokuradoreari Anzaren desagerpenaren inguruko ikerketa sakona egitea eskatzen zen. Heriotza horretan Espainiako poliziak nahastuak egon daitezkeenaren susmoak udalak bere egitea proposatzen zen, gerra zikinarekin bukatzeko deia egitearekin batera.