Asteartean Gamesako zuzendaritzako eta enpresako batzordeko ordezkariek bosgarren bilera izan zuten. Enplegu erregulazio espedientearen kontsulta epean zuzendaritzak enpresa batzordea hizketakide gisa onartu du. Asteartera arte Gamesak espedientea Madrilen negoziatu nahi zuen. Bestalde, bilera horretan enpresa batzordeak espedientea erretiratzeko eskatu zuen. Gaur, berriz, Gamesa eta enpresa batzordearen ordezkariak Lan Ikuskaritzan izan dira. Zuzendaritzak Altsasuko lantegia ixteko dituen arrazoiak eman ditu. Langileen ordezkariak horiei kontra egiteko dituzten arrazoiak azaldu dituzte. Batetik, Altsasun ekoiztutako palak aurreko bi urtetan asko saltzea eta bat-batean eskaerarik ez egotea arraro egiten zaiela. Bestetik, Langileek larunbatean jakin zuten berria: Altsasun egiten den pala eredua Miranda de Ebroko lantegira eramanen duela zuzendaritzak. Burgosko lantegiko espedientea atzeratu du. Enpresak bere garaian jakinarazi zuen Altsasun egiten den palak (G-52) %30eko merkatu kuota duela. Nafarroako GobernuaLangileen ordezkariek, bestalde, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari premiazko bilera eskatu diote, espedientea Nafarroara ekartzeko ahaleginen berri izateko eta enpresarekin izandako harremanak zertan diren jakiteko. Gobernuari ere enpresaren etorkizunarekin erabat bustitzeko eskatu dio enpresa batzordeak. Gobernuarekin heldu den ostegunean biltzekoak langileen ordezkariak. Heldu den astean ere zuzendaritzarekin biltzekoak dira. EskuduntzaEspedientearen kontsulta epea apirilaren 12an despedituko da. Zuzendaritza eta enpresa batzordearen artean akordiorik ez badago Lan Ministerioak erabakiko du. Ministerio berak, bestalde, espedientea tramitatzeko eskumena duela adierazi du. Hala ere, enpresa batzordeak helegitea aurkeztu du tramitazioan hainbat akats sumatzen dituelako. Esaterako, espedientea tramitatzen den Madrilgo bilerara ez dute Altsasuko enpresa batzordea deitu. OinezAurreko asteko bi greba egunetan Gamesako langileek Altsasu eta Sarriguren arteko bidea egin zuten oinez. Larunbatean, lan arloko erreformen kontrako manifestazioarekin bat egin zuten langileek. Espedienteari aurre egiteko indartuta atera direla adierazi dute enpresa batzordetik.