Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 10ean, larunbatean, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrera: 6 euro.Altsasuko Iortia kultur guneak Andaluziako kafe antzoki baten itxura hartuko du apirilaren 10ean, larunbatean. Kafe antzokiak aisia, denbora-pasa eta kulturarekiko kezkak partekatzeko guneak ziren. 1850etik 1920ra ederki ugaritu ziren penintsula osoan. Zezenketa-kartel, grabatu eta ispiluz apainduta zituzten hormak. Festa pribatuetara erreserbatutako eremuak zituzten, baita ikuskizunak egiteko oholtza txikia ere. Zalaparta ederra sortzen zen, batzuk dantzan, besteak txaloka animatzen eta guztiak ere edaten. Jose Porcelen Cafes Cantantes ikuskizunak giro hori ekarriko du gurera. Orduko kafe antzokiak eguneratu eta flamenko emanaldi ederra eskainiko du balletak. Erritmo ezberdinen erakustaldia eginen dute: buleriak, soleak, farrukak, segidillak eta tientoak. Flamenkoa goratzen lagundu zuten artista guztiendako omenaldia izanen da.Ruben Camposek (gitarra), Mayte Mayak (ahotsa), Miguel Ortizek (perkusioa) eta Raul Marquezek (biolina) jarriko dute musika eta haien erritmoan dantzatuko dute Jose Porcelek eta Leticia Calatayudek.Eszena JaialdiaDantzaldia Eszena Jaialdiaren barruan kokatuta dago. Nafarroako Gobernuak antolatuta, dantza jaialdia herrialdeko 18 herritara iritsiko da. Estilo guztietako 12 konpainia ariko dira lanean: flamenkoa, dantza klasikoa, dantza garaikidea... Dantzaren mundua barrutik ezagutzeko aukera ere izanen da, tailer eta ikastaroen bidez.Jaialdiak bi emanaldi ekarriko ditu Altsasuko Iortia gunera. Jose Porcelen ballet flamenkoa izanen da lehena. Ondoren, apirilaren 25ean Fueradeleje taldea etorriko da. Familia guztiarendako ikuskizuna eskainiko dute.