Gamesako langileen kanpamendu iruindarra

Guaixe 2010eko apirilaren 15a

Astelehenaz geroztik Gamesako langileak kanpamentua jarrita dute Iruñeko Karlos III.a etorbidean, Nafarroako Gobernuaren parean. Langileek hiru asteaz arratsaldeko lan txandan greba eginen dute eta 10:00etatik 18:00etara Iruñeko kanpamenduan protestan eta haien egoeraren berri ematen ariko dira. Gamesako zuzendaritzaren arabera enplegu espedientearen kontsulta epea hilaren 11n despeditu zen. Enpresa batzordeak forma akatsak ikusi ditu espedientean eta helegitea aurkeztu du. Langileen ordezkarien ustez akatsetako bat da enpresa batzordea bera Madrilgo bileretan ez dutela hizketakide baliagarri gisa hartu. Horretaz gain, Madrilgo bileretara enpresa batzordea ez dutela gonbidatu ere salatu dute. Kontsulta epea despedituta Nafarroako Gobernuak Altsasuko lantegiaren inguruan txostena egin behar du eta Lan Ministeriora bidali. Ondoren, Madrilen espedienteari buruzko erabakia hartu beharko da. Horregatik daude langileak Iruñean kanpatuta. Horretaz gain, Jose Maria Roig kontseilariarekin premiazko bilera eskatu dute. Mugimendurik ezGamesako zuzendaritza Altsasuko lantegia ixteko proposamenari eusten dio. "Erabakia atzeraezina da". Zuzendaritzak azken aurreko bileran enpresa batzordeari jakinarazi zion langileak banaka hots eginen zituela, beste lantegiren batean birkokatzeko aukeraz galdetzeko eta haien jarrera jakiteko. Espedientea tramitatu bitartean enpresa batzordea langileen ordezkari bakarra dela eta zuzendaritzaren asmoak eskubide sindikalen kontra zihoala salatu zuten langileek. Zuzendaritzak hots eginez gero, haien ordezkaria enpresa batzordea dela esatea erabaki zuten langileek batzarrean, aho batez. Zuzendaritzak espedientea despeditu bitartean bide hori ez jorratzea erabaki du.Bitartean Gamesako langileek espedienteak hartutako beste lantegien tratu bera eskatu dute. Merkatuaren garapenaren zain egotea nahi dute langileek, "%30eko merkatu kuota duen pala baten eskaerak egun batetik bestera ez direlako desagertuko". 5.000Itxieraren aurkako sinadura kopuru hori bildu dituzte Gamesako langileek.