Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru egunetan besteak beste, Altsasu errepresioaren, sozioekonomiaren (AHT, partzuergoa, lan mundua), jai ereduaren eta herritarren parte-hartzearen, euskara eta irakaskuntzaren edo feminismoaren ikuspegitik aztertuko da. Gai horiei buruzko mintegiekin batera, hiru egunetan gosariak, bazkariak eta afariak izanen dira. Jardunaldiak hobe antolatu ahal izateko, mintegi edo bazkari-afarietara joan nahi dutenen kopurua zehazteko antolatzaileek izena ematea eskatu dute. Horretarako Iortia kultur gunera edo Gaztetxera jo daiteke. NondikAltsasuko hainbat erakunde eta eragileren hausnarketaren emaitza dira jardunaldi horiek. Sustatzaileen ustez, "azkenaldian herritarren artean hainbat eztabaida sortu dira, herriko egoerak hainbat kontzientzia piztu berri ditu eta gogoeta ezberdinak entzuten dira. Horrek eskenatoki berri bat ireki behar dela egiaztatzen du". Herri mailan sortutako eztabaida horiek ongi lantzeko antolatu beharra sumatu dute, "bateragarritasuna, esperientzien trukaketa eta elkarlana" bideratzeko. Antolatzaileek jardunaldien izaera herritarra nabarmendu dute: "herritarrak elkartu eta eztabaidatzeko markoak sortu behar ditugu. Izuen, marken eta desadostasunen gainetik". Jardunaldietan "ezkerreko ikuspegitik, herri euskalduna eta aurrerakoia helmugara nola heldu" adostu nahi dute. Guztiagatik parte hartzera deitu dute ElkarEgin, Altsasuko Herri Jardunaldien antolatzaileek.