Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako Hiru Mendizerrak mendi ibilaldiak Nafarroako Mendi Ibilaldi Luzeen Zirkuitua zabaldu zuen eta arrakasta hutsa izan zen, eta eguraldiak lagun, 600 mendizale baino gehiagok osatu baitzuten ibilbidea, nahiz eta antolakuntzak 500 mendizaleen topea izan. "Aurretik izena emanda zeuden 50en batek edo huts egin zuten eta 626 inskripzio eginak genituenetan izena ematea ixtea erabaki genuen, baina badakigu izena eman gabeko hainbat pertsonak ere ibilbidea osatu zutela" diote antolakuntzatik. Hala ere, hornidura eta kontrol guneetan egoerari ongi aurre egin zitzaion eta 60 pertsona aritu ziren lanean guztia ongi ateratzeko.Hiru Mendizerrak ibilaldiaren hirugarren edizioa izan zen igandekoa. Aurreko urteetako ibilbide bera zen aurtengoa, baina Urbasako bargako ertzak ekiditeko barrurago sartu zuten bidea Urdiain parean. Mendizale gehienek ibilaldi luzeagoaren aukera hautatu zuten, 47 kilometrokoa eta 2.300 metroko desnibelekoa, eta beste aukerara animatu zirenak 26 km eta 900 metroko desnibelari egin zioten aurre. Altsasutik aterata, Urdiainera jo eta Portuazpitik Urbasa-Andiako parke naturalera igo eta hura zeharkatu zuten, Bargagain eta Gainsolera helduz, bertatik Ziordiaraino jaitsi ziren. Ibilbide motza aukeratu zutenak partzelariatik Altsasuraino heldu ziren eta luzea hautatu zutenek Kipular igo eta Alzaniako mendizerrara ailegatu ziren. Orobe gainditu eta gero Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igo zituzten, eta handik jaisten hasi ziren, Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasura helduz.Primerako eguraldiaren laguntzaz eta Sakanako bista ederrekin gozatu ederra hartuaz, antolakuntzaren eta ibilbidearen balorazio positiboa egin zuten parte-hartzaile gehienek. Aipagarriak izan ziren bost hornidura uneetan - Urbasan, Ziordian, Sorozarretan, Saraben eta Altsasuko Gure Etxean - zeuden mokaduak. Salda beroa, fruta, txokolatea eta ohiko edariez gain, basurde gisatua eta magrak tomatearekin dastatzeko aukera izan zen.