Altsasuko Gazte Asanbladak kontzertu berria hartuko du bihar. Bi talde igoko dira Gaztetxeko oholtza gainera: No Relax eta B.C. Bombs. Ska-P talde ezaguneko gitarra jole Joxemik eta D.D.P. taldeko kide ohi Mickyk sortu zuten taldea 2003an. 2004an aurkeztu zuten lehen lana eta berehala Espainiar Estatuko eta Italiako agertoki ezagunetan tokia egiten hasi ziren. Zenbait estiloren eragina dute: punk-rock estiloa nabarmentzen da reggae, clash eta street-punkarekin nahasita eta oi!, hard-core, rock´n´roll eta irish-punk ukituekin. Denetariko gaiak lantzen dituzte haien kantetan: kritika soziala, ekologikoa eta baita gai pertsonalagoak ere. Bide horretatik jarraitu dute hurrengo diskoetan ere. Taldea laukote bilakatu zen 2008an eta horrela erritmoa indartu zuen. Jaialdi ezagunetan parte hartu dute eta birak egin dituzte Europa eta Hego Ameriketan. Agenda bete-bete badute ere, tartetxo bat hartu dute Altsasura etortzeko. Ez da nolanahi galtzeko aukera.Nafar-italiarrek B.C. Bombs (Basque Country Bombs) taldea izanen dute lagun. Iaz sortu zuten taldea musikan eskarmentu handia duten hiru lagunek. Esaterako, Takikardia, Suspenders, Devon edo Potato taldeetatik pasa dira taldekideak. Talde berrian bilduta, 70eko punk rocka, betikoa jotzeari ekin zioten. Hala ere, haien talde ohien eragina ere badute. Bilboko taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du bihar Altsasuko Gaztetxean.