Hankak arin eta gorputza lirain

Guaixe 2010eko apirilaren 19a

Horrela ibili ziren igandean dantzariak Altsasuko Iortia kultur gunean. Gipuzkoako XVIII. Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa zuten jokoan eta gogotsu atera ziren agertokira. 7-11 urteko 33 gazte lehiatu ziren: mutilek (13) Alpargata eta Agurra dantzatu zuten eta neskek (20) Punta motz eta Txakolin soinu zaharrak. Altsasuko txistularien doinu gozoak jarraiki, banan-banan agertokira igo ziren dantzariak. Hankak arin eta gorputzak lirain, erakustaldi ederra eman zuten.EpaiaDantzarien ondotik, epaimahaiari zegokion erabakia. Pausuen zuzentasuna, erritmoa eta estetika kontuan hartuta, ondorengo dantzariek lortu zituzten puntu gehien: mutilen artean, hurrenez hurren, Aimar Odriozola (Ibarra), Aitor Lasa (Donostia) eta Iker Ollos (Errenteria) izan ziren lehen hirurak. Nesken artean, berriz, Maialen Salsamendi (Lezo), Ane Retolaza (Legazpi) eta Ainhoa Altzelai (Legazpi) nabarmendu ziren. Gainerako dantzariek ere oroigarria jaso zuten. TxapelketaGipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, ibilbide luzea du txapelketak. Aspaldian txapelketako kanporaketa bat hartzen du Altsasuk. Etorkizuna dantza eskola arduratzen da guztia prestatzeaz. Altsasuarrek herriko udalaren eta txistularien laguntza eskertu zuten. "Futbolean eta beste kiroletan ez ezik, badira lehiatzeko beste aukerak, esaterako dantzan" azaldu zigun Etorkizunak dantza eskolako irakasle Iñaki Agirrek. "Txapelketarako prestaketa berezia egiten dute dantzariek, pausu guztiak ongi lantzen dituzte. Horregatik, orokorrean exekuzioa dantza ikuskizunetan baino landuagoa izaten da" adierazi zuen.Azken kanporaketaAsteburuan jokatuko da azken kanporaketa Billabonan. Bertan lehiatuko dira Altsasuko Julen Herrero eta Aroa Ramos, 11 eta 15 urte arteko dantzarien kategorian. Horiek dira Sakanako ordezkariak, igandean lehiatu ziren Amaiur Bengoetxearekin eta Mikel Martinezekin batera.Billabonako dantzaldiaren ondoren, kanporaketa guztietako puntuak batu eta finalerako txartelak erabakiko dira. 15 neska-mutil sailkatuko dira finalera.