Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenean etxean abestuz mustu zen ibarrean sortu berri den azken abesbatza: Altsasuko jubilatu eta pentsiodunen elkarteko korala. Iazko irailean sortu eta Santa Agedan kalez kale kantuan aritu bazen ere, astelehenekoa izan zen aipatu abesbatzaren aurreneko kontzertua. Elkarteen arteko mahai jokoen sari banaketaren ondoren eskaini zuen emanaldia. Dozena bat pertsona ingururekin sortu zen egitasmoa, pixkanaka gorpuztu da eta astelehenean oholtza gainean 19 abeslari ziren. Koralean elkarteko edozein bazkidek parte hartu dezake. Bost euro ordaindu behar dituzte eta gainontzeko gastuak elkarteak berak ordaintzen ditu. Julia Alvaro Peralen zuzendaritzapean, jubilatuen elkartean bertan astean bitan biltzen dira entseatzera: astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara.