Gamesako langileek gobernuarekin lehenbailehen bildu nahi dute

Guaixe 2010eko apirilaren 22a

Aurreko astean komunikabideen bidez eta zuzenean Berrikuntza, Enplesa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roig Aldasorori bilera eskatu zioten Gamesako langileek. Oraindik ez dute erantzunik jaso. Langileek kontseilariarekin lehenbailehen bildu nahi dute, egoera zertan den jakin nahi baitute. Gobernua zehazki zertan ari den, zuzendaritzarekin bildu den eta egin beharreko txostena zertan den, zer esanen duten jakin nahi dute langileek. Izan ere, enplegu espedientearen kontsulta epea hilaren 12an despeditu zen. Nafarroako Gobernuak 15 egun ditu Altsasuko lantegiaren inguruan txostena egin eta Lan Ministeriora bidaltzeko. Ondoren, Madrilen espedienteari buruzko erabakia hartu behar du. Asteartean, bestalde, Gamesako zuzendaritza eta langileen ordezkariak Madrilen izan ziren, lan ikuskaritzan. Enpresaren egoerari buruzko ikuskariaren galderak erantzun zituzten aldeek. SinadurakAltsasuko lantegiaren itxieraren kontrako sinadura bilketarekin jarraitzen dute Gamesako langileek. Aurreko astean bezala Gamesako langileak kanpamendua jarrita dute Iruñeko Karlos III.a etorbidean, Nafarroako Gobernuaren parean. Langileek bigarren astez arratsaldeko lan txandan greba egin dute eta 10:00etatik 18:00etara Iruñeko kanpamenduan protestan eta haien egoeraren berri ematen ari dira. Heldu den asterako asmo bera dute. Langileen ordezkariek jakinarazi digutenez, egunero 1000 eta 1500 sinadura artean biltzen ari dira. Astelehenenerako 10.000 bilduta zituzten eta haietatik 7.500 Enpresa Departamentuan aurkeztu zituzten. Kopuru bera biltzen duten bakoitzean departamentura eramanen dituzte.