Industrialdeaz aritzeko udalak Vianako Printzea Erakundearekin biltzea eskatu du

Guaixe 2010eko apirilaren 29a

Hala erabaki zuen aurreko ostegunean Altsasuko Udaleko Ekonomia Sustapenerako batzordeak, gehiengoz. Altsasuko Udalak lehenbailehen bildu nahi du Vianako Printzea Erakundearekin. Izan ere, Nafarroako Gobernuak Urdiain-Altsasu industrialdea egiteko lurren desjabetzeko proiektua onartu berri du. Han industrialdearen Urdiaingo sektoreari buruzko hainbat zehaztapen ematen dira. Altsasuko sektorea beranduago garatuko litzatekeela ere jaso da. Eskatutako bilera horren bidez, Altsasuko Udalak bere sektoreko lanak azkartu nahi ditu. Nafarroako Gobernuak onartu berri duen agirian jasotzen denez, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarri eta Arkeologia atalak Altsasuko 3. poligonoko 1616., 1624., 1625. eta 1626. partzeletan zundaketak egin behar ditu, ondare arkeologikorik dagoen jakiteko. Altsasuko Udalak Vianako Printzea erakundeari lanak arintzeko eta epeak zehazteko eskatuko dio. "Udalarendako premiazkoa da ikerketa horien emaitza zein den jakitea, industrialdearen sektore horren ordenazio zehatza egin ahal izateko eta Altsasuko zatia mugagabe atzeratuta ez gelditzeko, are gehiago herriko industria dagoen moduan egonda". Udalaren ustez premiazkoa da jakitea industrialdearen Altsasuko zatiak epe motz eta ertainera industria garapenerako zein aukera erreal eskaintzen dituen.