Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lan Ministerioak ostiralean edo heldu den astean enplegu erregulazio espedientearen inguruan zer esanen duen zain daude Gamesako langileak. Jakin badakite Nafarroako Gobernuak espedienteari buruzko bere txostena aurkeztu duela. Hala ere, Gamesako langileek gobernuari eskatu dio argi eta garbi esan dezala espedientearen kontra dagoela eta haren kontrako txostena egin duela. Gamesako langileek ere PSNri ere jarrera argia eskatu diote, "publikoki espedientearen kontra daudela esan dezala". Langileek gogorarazi dute sozialistak Nafarroako Gobernuko sostengu eta Madrilen agintean dagoela. Eskaera hori bera Nafarroako Parlamentuko talde guztiei luzatu diete. Bihar prentsaurrekoa ematekoak dira langileak eta talde parlamentarioen babesarekin egin nahiko luketela azaldu dute, horregatik gonbitea. Presio bideaGamesako langileen ustez zuzendaritza itxiera Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua presionatzeko erabiltzen ari da. Enpresak Agoitzen ekoiztuko diren pala handiak Erriberako haize parke batean jartzeko baimena lortu nahiko luke. Bestetik, Madrildik, haize-argindar ekoizpen kuotak aurreratzea lortu nahi luke. SinadurakAsteazkenean Gamesako langileek Nafarroako Parlamentuan 15.000 sinadura aurkeztu zituzten. Langileek Nafarroako gizartearen elkartasuna eta babesa eskertu dute. Ostirala bitartean Iruñeko Karlos III.a kalean sinadurak biltzen jarraituko dute. Maiatzaren lehenean ere gauza bera eginen dute. Lan Ministerioaren erantzunaren arabera antolatuko dituzte mobilizazioak langileek heldu den astean.