Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima euskara taldeak antolatuta euskarazko liburuen truke azoka egin zen atzo Altsasuko Foruen plazan. Arrakasta itzela izan zuen azokak. Eguerditik bazkal garairaino asko izan ziren liburu azoka bisitatu zuten altsasuarrak. Aldameneko herrietakoak ere izan ziren. Azoka liburuen inguruko iritziak trukatzeko gune bilakatu zen. Bost mahaitan banatuta, liburu aukera zabala izan zuten bertaratu zirenek: haur literatura, eleberriak, poesia eta beste. Azokak iraun zuen denboran 215 liburu inguru trukatu ziren. Beraz, altsasuarrek badute orain zer irakurri. Kima euskara taldea pozik dago azokaren arrakastarekin eta esperientzia errepikatuko du. Soberan gelditu diren haur literaturako liburuak ikastetxeen bidez etorkinen seme-alabei banatuko zaizkie. Euskarazko liburuen truke azoka egin ahal izateko Kimak zenbait erakunderen laguntza izan du: Sakanako AEK, Iñigo Aritza ikastola, Zelandi eskola publikoa, Iortia kultur gunea, LHko institutua, Jesusen Bihotza ikastetxea, Altsasu aldeko Gizarte Zerbitzuak, Irurtzungo Itxipuru taldea eta Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzua. Eskerrak eman dizkie guztiei.