Antzezle berriak profesionalen pare

Guaixe 2010eko apirilaren 25a

Altsasuko Antzerki Tailerrak txiki utzi zuen larunbatean Iortia kultur gunea. C.C. (Centro Comercial) antzezlana mustu zuten etxekoen aurrean, ikasturte osoko lanaren emaitza. Urtero bezala, ikusmira handia sortu zuten antzezle amateurrek: lehen saiorako sarrerak aspaldi agortuta zeuden eta bigarren emanaldian ere ederki bete zen Iortia kultur guneko areto handia. Lan ederra egin zuten 14 antzezleek. Esperientzia berria zen batzuendako, beste batzuek, berriz, eskarmentu handia dute dagoeneko. Ikusleek ederki gozatu zuten ikuskizunaz; barre algarek txalo zaparradari egin zioten tartea. "labur egin zaigu" zioten batzuek irteeran, gustura egon ziren seinale. Tailerreko irakasle eta antzezlaneko zuzendari Virginia Albira ere pozik zegoen emaitzekin: "oso lan ona egin dute guztiek. Hasieran urduri samar zeuden, zuzenekoan gozatu egin zuten"   Altsasuko Antzerki Tailerraren antzezlana ikusteko beste aukera bat izanen da maiatzaren 7an, Olatzagutian. "Eszenatoki txikia dute eta nahiko lan izanen dugu han sartzeko, baina publikoa oso ona da eta horrek guztia konpontzen du" dio Virginiak.