Pintxoz pintxo

Guaixe 2010eko apirilaren 30a

Xurrut, Altsasuko tabernen elkarteak antolatuta bihartik heldu den ostiralera arte pintxo astea ospatuko da. Tabernen eskaintza gastronomikoarekin gozatzeko aukera aparta beraz, bihartik aurrera. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago daude aurten: 11. Bakoitzak pintxo bana eskainiko du. Zein diren ez dago aurreratzerik, azken egun hauetan sukaldeak probaleku bihurtu baitira eta tabernariek ongi gordetako sekretua da bihar aurkeztuko duten pintxoa.

Pintxoak dastatu nahi dituztenek 19:00etatik 21:00etara pasa beharko dute tabernetatik. Bi eurotan haiek dastatzeko aukera izanen da. Horrek sukalde lan elaboratu bat eta kalitatezko produktuekin ondutako pintxoak dastatzeko aukera emanen du. Ez da lehiaketarik izanen, ahoz ahokoan herritarrek egiten dutena besterik ez.

Egonkortuta
Dagoeneko hamar urte pasa dira Alde Zaharreko festen batzordeak antolatzeari ekin zionetik, iaz elkarteak lekukoa hartu zion arte. Pintxo astea, berriro ere, maiatzeko gurutzeko ospakizunen iragarle bihurtuko da. Antolatzaileek esan digutenez, data egonkortuta dago eta pintxoak dastatzera propio ateratzen den jende mordoa dago. Gainera haiek bultzatzeko Beronia ardoa edo Freixenet kaba edaten dutenak, Iruñeko Puerta del Camino hotelean afaldu eta gaua pasatzeko zozketan sartuko dira.

Pintxoak non?
Arkangoa, Biltoki, Gautxori, Iortia, Iru-bide, Iruña bide, Kaixo, Koxka, Lezea, Lurrazpi eta Xume.