Tronboi eta jazz haizeak Sakanan

Guaixe 2010eko apirilaren 29a

Dando la vara tronboi ikastaroa eginen da asteburuan Altsasun. Haize Berriak Bandaren kontzertuak berotuko du asteburu musikala. Haize Berriak Bandak eta Nafarroako Banden Federazioak antolatuta, tronboi irristailudun edo bara tronboi ikastaroa eta Jazz tronboiaren hastapen ikastaroa eginen da asteburuan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Haren bidez, Nafarroan ikasketa ofizialetik kanpo dagoen hutsunea bete nahi izan dute. Era berean, zenbait herri eta adinetako tronboi joleak elkartzeko gunea sortu nahi dute. Ikastarotara joan gabe ere, tronboia ezagutu eta jazz munduan murgiltzeko aukera izanen da, asteburuan antolatutako erakusketa, film eta proiekzioekin. Musika asteburua ongi hasteko, Haize Berriak Bandak kontzertua eskainiko du gaur, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.IkastaroaIkastaro intentsiboa izanen da: gaur hasi eta domekan amaituko da. Bertan lekua izanen dute goi mailako ikasleek, erdi mailakoek eta oinarrizko mailakoek. "Azken maila hau da ikastaroko nobedade nagusia eta, hain zuzen ere, maila hau izan da arrakastatsuena" azaldu digu Haize Berriak Bandako zuzendari Luis Orduñak. Ia 40 lagunek eman dute izena, nafarrak nahiz inguruko herrialdetakoak. Sakanako 4 ikasle izanen dira, guztiak Haize Berriak Bandakoak. Antolatzaileen harridurarako, Burgos, Leon, Errioxa eta Palentziatik ere etorriko dira. Tronboi joleei ez ezik, musika tresna hau ezagutu nahi dutenei ere deia egin diete. Carlos Gil (Valentziako kontserbatorioko tronboi irakaslea), Victor de Andres (Gasteizko Udal Bandako bakarlaria) eta Marco Bellizi (Nafarroako Pablo Sarasate Goi Mailako kontserbatorioko Jazz tronboiko irakaslea) izanen dira irakasleak. Gainera, Arkaitz Mendoza piano jolearen laguntza izanen dute. Mailaren arabera, ikasleek banakako edo taldekako klaseak izanen dituzte.Tronboia protagonistaIkasleendako bakarrik ez, sakandarrendako ere aberasgarri izanen da tronboi ikastaroa. Izan ere, zenbait jarduera antolatu dira ikastaroen inguruan. Protagonista berbera dute ekitaldi guztiek: bara tronboia. Kontzertuak dira jarduera azpimarragarrienak, baina bestelakoak ere badira: esaterako, larunbatean, tronboi irristailudun edo bara tronboiaren erakusketa eginen da Altsasuko Iortia kultur guneko ezkaratzean. Yamaha, Werill, Stomvi eta Rath markako musika tresnak egonen dira. Bestalde, Trombón dokumentala ikusgai egonen da kultur guneko zineman, ostiralean eta domekan. Europako lehen emanaldia izanen da eta, okasioak eskatzen duenez, haren zuzendari Arturo Castro Godoy argentinarra izanen da Altsasun. KontzertuakHaize Berriak Bandak gustu guztietarako ikastaroak antolatu ditu astebururako. Sakanako bandak irekiko du asteburu musikala gaur iluntzean, kontzertu paregabearekin. Tronboi ikastaroko ikasle eta laguntzaileak izanen dituzte lagun. Bestalde, tronboi ikastaroko parte hartzaileek emanaldi interesgarriak eskainiko dituzte bihar eta etzi, Altsasun eta Irurtzunen.Haize Berriak Banda eta ikastaroko maisuakApirilaren 30ean, ostiralean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.-Three movements for piano and symphonic wind orchestra. Andre Waignein. Bakarlaria: Arkaitz Mendoza.-American souvenir. Margarita Lorenzo de Reizabal. Mustutzea. -Colors. Tronboiarendako kontzertua.Bert Appermont. Bakarlaria: Carlos Gil.Jam Session. Pentaphonia Brass metal boskotea eta ikasleak.Maiatzaren 1ean, larunbatean, 24:00etan, Altsasuko Lurrazpi tabernan. Tronboi eta piano errezitaldiaMaiatzaren 2an, domekan, 13:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean. Tronboiko goi mailako ikasleak eta Arkaitz Mendoza pianista.Ikasturte amaierako kontzertuaMaiatzaren 2an, domekan, 18:30ean, Irurtzungo kultur etxean. Ikastaroko talde edo ensenbleak, Carlos Gil, Victor de Andres eta Marco Bellizzik zuzenduta.