Hodei Mazkiaran abiadura probako txapelduna

Guaixe 2010eko apirilaren 27a

Asteburuan Espainiako Pista Txirrindularitza Kopako bigarren jardunaldia jokatu zen Mallorkako Palmako Palma Arena belodromoan. 13 talde edo selekzio aritu ziren, eta jokatutako proba guztiak kontuan hartuz, Balear Uharteetako selekzioa izan zen onena (138 puntu), Euskadi bigarrena (118 puntu) eta Katalunia hirugarrena (104 puntu). Dena den, Kopako sailkapen orokorrean ez da aldaketarik gertatu eta Euskadi dago buruan (29 puntu), Balear Uharteak bigarrena (24 puntu) eta Katalunia hirugarrena (23 puntu). Euskadi selekzioan ari den Hodei Mazkiaran altsasuarra izan zen abiadura probako txapelduna. "Hiru enfrentamendu egin ditut eta bitan irabazi dut. Gustura nago, sentsazio onekin" zioen altsasuarrak Euskadi irratian. Keirin proban Sergio Aliaga (Reyno de Navarra) izan zen garailea, eta altsasuarra hirugarrena sailkatu zen. "Keirin proba abiadura proba jokatu eta oso segituan izan da, eta ahal dudana egin dut, nekatuta nengoelako, baina pozik nago hirugarrena izan naizelako" azaldu zuen altsasuarrakNafarroako Juan Peralta ez zen aritu, eta abiadura proban gailentzearen ondorioz lider jarri da Hodei Mazkiaran, Peralta gaindituz. Hodei Mazkiaran duela gutxi Kopenhagen jokatutako Pista Mundialetatik kanpo geratu zen, eta kolpe latza izan zen berarendako. Londreseko olinpiadak gertu, bertan egoteko gogor egin beharko dute lana txirrindulariek. "Londresen izan nahi badut puntu asko bildu beharko ditut Europako txapelketan, mundialetan... beste herrialdeetako txirrindulariak ere ongi dabiltza eta lan asko egin beharko da Londresen egoteko" nabarmendu zuen altsasuarrak.