Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Altsasuko Udaleko bozeramaileen batzordeak erabaki zuen eskaera egitea. UPNk ez beste gainontzeko talde guztiek bat egin zuten premiazko bilera eskaerarekin. Haur eskola egiteko iazko diru-laguntza bueltatzeko espedienteaz hitz egin nahi dute udal ordezkariek, haur eskolaren proiektuaren jarraipena bermatzeko eta bi erakundeen arteko harremanak normalizatzeko. Udalak bere idatzian dio "gertatuak gertatuta eta aurkeztu daitezkeen alegazioak alde batera utzita, udalarendako lehentasunezkoa da Altsasuk azpiegitura egokian kalitatezko haur eskola izatea. Udalak, ongi edo gaizki eginda, asmo hori izan du beti". Udalak Hezkuntza Departamentuari bidalitako gutunean eskatu dio lanak garatzeko izan diren zailtasunak ulertzeko eta horretaz kontziente izan dadila. UPNtik azaldu digutenez, departamentura bidalitako gutuna ez zuten sinatu "Hualdek eta Zabalok haien erruak ez dituztelako argi eta garbi onartzen". Maria Antonia Romanek argitu digunez, "haur eskolaren alde egiteko eta departamentuari diskriminazio positiboa egiteko eskatzeko prest gaude".Bueltatzeko espedienteaHaur eskola egiteko lanek 1,25 milioi euroko aurrekontua dute eta bi urtetan egitekoa da. Udalaren eta Hezkuntza Departamentuaren hitzarmenaren arabera, iazko urte bukaerarako lanen laurdenak despedituta egon behar zuen. Hau da, 312.407 euroko gastuak egina egon behar zuen. Departamentuak horretarako 203.065,12 euro aurreratu zituen, diru-laguntza gisa eta jarritako baldintza bete ez dela ikusita dirua bueltatzeko espedientea zabaldu du. Udalak alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea du. Ardura eskaerakGaurkoan plenoa dago Altsasun. Oposizioko alderdiak oso kritiko azaldu dira NaBairekin. PSNko Juan Migel Perez Hurtadok jakinarazi digunez, Unai Hualde alkatearen eta Pedro Mari Zabalo hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatuko dute, "%25eko zertifikazio faltsua emateagatik eta diru-laguntza zalantzan ez dagoela esateagatik". Perezen esanetan haur eskolako diru-laguntza airean dago. Hala ere, PSNtik jakinarazi zen zentsura moziorik ez zela aurkeztuko. Bestalde, Perezek aurreratu du "herria haur eskolarik gabe ez gelditzeko ahaleginak" eginen dituztela sozialistek, "akats politikoengatik ezin da halakorik gertatu". UPNk ere NaBaiko bi kideen dimisioa eskatuko du. "Kalte egin diote herriari. Lana asko atzeratu da. Kudeaketa txarragatik ez da zuzena herriak ordaindu behar izatea". Romanen ustez NaBaik ez du haur eskolaren aldeko borondaterik. "Aurrera ateratzeko ez dute positiboan lanik egin. Eta horregatik eskatzen dugu dimisioa".Hautetsi independentistak konbentzituta daude NaBaik autokritika sakona egin beharra duela, "haiengandik zerbait atera". Bi zinegotzien dimisioa eskatzea baloratzekotan zeuden berria idazterakoan. Arantza Bengoetxeak esan digunez "alkateak informazio zehatza zuen eta ez zion batzordeari eman. Gezurra esan zuen. Lanak egin gabe zeuden. Alkateak dio borondate onez egin zuela. Ondorioa, beste guztia da". Zinegotzi independentistak dio alkatearen lan moldea legegintzaldi hasieratik salatu dutela. Herriak eta Nafarroako Gobernuak jakin behar dutela gaineratu du Bengoetxeak. Hanka sartu ondoren bi hilabete ezer egin gabe egon izana ere salatu du hautetsi independentistak. "Une kritikoa da eta ez dago hautagairik", horregatik Ezker Batuak ez du alkatearen eta hirigintza zinegotziaren dimisiorik eskatuko. Akatsen arduradunek azalpenak eman ditzatela eskatu du. "Asmo txarrik ez da egon. Informazioa ezkutatze zerbait. Planifikazio akatsak eta enpresa itxi izanaren zorte txarra". Azalpenen ondoren Arturo Carreñok Hezkuntza Departamentuarekin harremanak bideratu eta lanak lehenbailehen hastea nahi luke. Carreñok aurreratu digu, hori bai UPNko bi zinegotzien dimisioa eskatuko duela. "Funtsezko gaietan udal lana oztopatu egiten dute. Ez dute gutuna sinatu eta horri gehitu behar zaio haien gobernuak ekonomia-krisia edo Josefina Arregi klinika dela Sakanarekiko duen utzikeria". ModuluakHaur eskola eraiki bitartean Altsasuko Udalak Zelandi ikastetxe publikoko patioan jarritako moduluetan eskaini du zerbitzua. Iazko aurrekontuetan jasoa zegoen partida. Udaleko toki batzordeak aurtengorako erabaki du 55.675 euro bideratzea modulu horiek alokatzeko.Kronologia2004 Udala eta Departamentua Altzania eraikinean haur eskola egitea erabaki zuten.2008 Lanak hastea aurreikusi zen, baina hurrengo urtean hastea adostu zuen. 2009-09 Hilabete batez ludotekak haur eskola hartu zuen. Urrian Zelandiko moduluetara pasa ziren. 2009-10 Udalak lanak Eycons enpresari eman zizkion 1.061.189,14 euroren truke (BEZa kanpo) eta 6,5 hilabetetan egiteko.2009-11-01 Departamentuak lanak hasteko azken egunean ekin zitzaion obrari. 2009-12-31 Lanen %25ek egina behar zuen, baina berandu hasi zirenez ez zen egin. 2010-01-19 Hezkuntza Departamentuko teknikariek obra bisitatu zuten, eraikinaren forjatuan arazoak sortu zirelako. Udalak haiek zuzentzeko 256.0000 euro bideratzea erabaki zuen. 2010-01-22 Eycons Obras y Proyectos enpresa hartzekodun lehiaketan sartu zen. Eraikuntzarako materiala faltatu zen. Mugimendurik ez lanetan. Udalak lanak zein prozesutan zegoen jakin zuen. 2010-02-10 Udalak 198.416,5 euroko gastu justifikazioa aurkeztu zion departamentuari.2010-02-25 Udal bilkurak erabaki zuen lanekin lotuta hartutako erabakiak aztertuko zituen batzorde bat sortzea. 2010-04-14 Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zuen iazko diru-laguntza bueltatzeko espedientea zabaldu zuela.2010-04-22 Udalak Hezkuntza Departamentuari bilera eskatu zion, otsailetik beste hainbatetan bezala. Ordurako bazekien diru-laguntza bueltatzeko espedientea zabaldua zegoela. % 65Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntzak milioi bat euro inguruko aurrekontuaren zati hori estaltzen du.