Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostegunean egindako bilkuran Unai Hualde alkatearen dimisioa eskatu zuten hautetsi independentistek, PSNk eta UPNk. Ezker abertzaleak udalaren egoera "jasanezina" eta "udalaren zuzendaritza falta" salatu zuen. Guztiek ere haur eskolaren lanen kudeaketagatik egin zuten eskaera. Jakina denez, lan horiek ilbeltzetik geldi daude eta Hezkuntza Departamentuak espedientea zabaldu du iazko diru-laguntza bueltatzeko. Alkatetzako taldea, NaBai, zentsura mozioaren emaitza onartzeko prest azaldu zen. Aldi berean, koalizioak alkateari bere babesa azaldu zion, eta beti herriaren interesen alde aritu zela nabarmendu zuen. Hualdek eta Zabalok bilkuran barkamena eskatu zuten. Ezker Batuko Arturo Carreñok, bestalde, UPNko bi zinegotzien dimisioa eskatu zuen. Erregionalisten eskariz, bestalde, Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen mahaiak astelehenean erabaki zuen Nafarroako Kontu Ganberari Altsasuko Udalak haur eskolarekin izan duen jarreraren inguruan txostena egiteko. BatzordeakHautetsi independentistek aurkeztutako mozio baten bidez eskatu zuten udaleko batzordeetako asistentziei arautzeko. Mozioa onartu egin zen; beraz, udalaren pleno eta batzordeetako asistentzia arautuko du. Alkateak eginen du proposamena. Ezker abertzaleko kideek aurretik salatu dute haiek zuzentzen dituzten batzordeetara (Emakumea eta Gazteria) ez direla ez PSN, ez UPN ezta NEB-IUN ere joaten eta, beraz, ez dela quorumik izaten.