Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 8an, larunbatean, 19:30ean, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Sarrera: 6 euro.Oskorri taldea Altsasun izanen da bihar, Pub Ibiltariarekin. Lagun talde ederra izanen du inguruan, Sakanako Musika Eskoletako ikasleak eta Haize Berriak Bandako kideak. Musikari guztien artean ederki beteko dute Altsasuko Burunda pilotalekuko agertokia. Baina ez dira horrekin konformatuko: Altsasu kantuan jartzeko prest etorriko dira.Arratsaldeko 19:30ean izanen da kontzertu erraldoia, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Sarrerak salgai daude Altsasuko Iortia kultur gunean edo bihar, pilotalekuan. Altsasuko Musika eskolak kontzertura animatu dute jendea, "ez zarete damutuko" diote.Sakanako musikariakAltsasuko Musika Eskolak antolatu du kontzertua. "Musika eskolako ikasleendako jarduera interesgarria iruditzen zaigu" azaldu digu Altsasuko Udal Musika Eskolako zuzendari Josu Estarronak. Altsasuko Alde Zaharreko festetan kokatu dute kontzertua, "aukera paregabea deritzogu musikaz blai herriko jaietan parte hartzeari eta musika eskoletan egiten duguna modu honetan kaleratzeari" dio. "Izugarrizko motibazioarekin daude haurrak eta hain haurrak ez direnak eta momentu paregabea bizitzea espero dugu" adierazi du Josuk.Egitasmoan parte hartzera gonbidatu dituzte inguruko herrietako musika eskolak. Olatzagutia, Etxarri Aranatz eta Lakuntzatik jaso dute erantzuna. Haize Berriak Bandako zenbait musikari ere izanen dira. Batzuen eta besteen artean, 80 pertsonako musikari talde ederra osatu dute. "Koordinazio lana neketsua izan da" onartu du Josu Estarronak. Denetariko instrumentuak elkartu dira: perkusioa, tronpeta, tronboia, txirula, gitarra, akordeoia eta abar. Musikariak ez ezik, Olatzagutiako eta Altsasuko Musika Eskoletako eskolaniak ere oholtza gainera igoko dira. Antolatzaileen helburua ahalik eta ikasle gehienek parte hartzea da. Guztien mailara egokitzeko, 10 hautatu dituzte eta horietan parte hartuko dute musikariek. Pub ibiltariaIbilbide luzea du Oskorriren Pub Ibiltariak. Haren bidez, euskal abesti tradizionalak berreskuratu eta herriaren gogora itzuli ditu Oskorri taldeak. Taldekideek zenbait disko grabatu dituzte abesti horiekin. Baina Pub Ibiltariaren indarra zuzenekoan dago: herritarrak kantuan hastean hartzen du zentzua. Horretara animatu dituzte sakandarrak. 17 abesti eskainiko ditu Oskorrik, zein baino zein ezagunagoa, eta pantaila handi batean letrak proiektatuko dituzte. Ikusle soilik ez da izanen Oskorriren Pub Ibiltarian; agertokitik batzuek eta harmailetatik besteek, guztiek parte hartuko dute. Dultzaina karriketanDuela bi urte dultzaina espezialitatea ezarri zen Altsasuko musika eskolan. Haren fruituak ikusiko ditugu bihar. 17:30etik aurrera Altsasuko etorkizuneko dultzaineroak kalera aterako dira. Arratsaldeko giroa berotzeaz arduratuko dira.