Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako 23 urtez azpikoan Jokin Alkizalete menderatuta zetorren Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak Aritz Irazabal zuen arerio maiatzaren 1ean Estibalitzen. Bizkaitarra txapelketako ezusteetako bat izan da, onenen mailako lehen fasean bi kanporaketa gainditu eta hirugarrengoan justu-justu joan baitzen kalera; bera zen faborito. Baina Irazabalek uste baino lan gehiago egin behar izan zuen altsasuarra menpean hartzeko. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozteko lanean, minutu eta 30 segundo behar izan zituen Irazabalek, eta minutu eta 58 segundo, aldiz, Vazquezek. Erraz gailendu zen Irazabal. Baina hiru kana erdiko erdibitzeko lanean parez pare aritu ziren biak. Proba honetan Vazquez izan zen azkarrena (7:04), Irazabali 6 segundo atereaz, baina bi lanen emaitza kontuan hartuta, lehen lanean hartutako aldeari esker irabazi zuen Irazabalek. Lan guztiak egiteko 8 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Irazabalek, eta 9 minutu eta 2 segundo, aldiz, Iñaki Vazquezek. Beraz, bizkaitarrak egin du aurrera txapelketan, baina Iñaki Vazquezek primerako itxura emanda esan dio agur txapelketari.