Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzaleku Sakanako Jone Pelaez korrikalari altsasuarrak erronka izugarria zuen asteburuan, Alcoy herrian hasi eta despeditu zen Muntanyes d´Alacant ultra-trailean aritzea. 160 km-ko proba gogorra zen, 7.500 metroko desnibel positiboa zuena. Ongi hasi zen altsasuarra eta 100 kilometrora denbora bikainarekin heldu zen, 20. postuan zela eta lehenengo emakumea zela. Baina ordurako sekulako ekaitza hasi zen. "Ekaitza gogorra zen eta trumoiak eta tximistak ikaragarriak. Pentsa, korrikalari bati batek gertu eman zion eta lurrera bota zuen! Kontua da orduan antolakuntzak gelditu gintuela eta proba bertan behera utzi hala ez erabakitzen ari zirela. Tarte horretan izugarri hoztu nintzen eta bizkar behealdean mina nabaritzen hasi nintzen. Proba berrezarri zutenerako tarte luzea pasa zen, pela-pela eginda nengoen eta konturatu nintzen horrela ezin nuela jarraitu" azaldu du Jonek. Guztiz amorratua zegoen altsasuarra, proba bat uzten zuen lehen aldia baitzen, eta proba bikain bukatu ahal zuela baitzekien. "Ongi nioan, aurrean, eta pentsa, 100 km osatuta ere ez dut agujetarik ez ezer izan, baina geldirik egon ginen tarte horretan izoztu nintzen, gorputzaldia behera joan zitzaidan eta horrela ez zegoen segitzerik. Proba neutralizatu eta iaz Pirinioetan gertatu bezala su majo bat eginen balute gu ez hozteko aurrera jarraitu ahal izango nuen, baina lasterketa hauek horrela dira, ezustekoak izaten dira eta amorru handiz, baina nire bizitzako lehen aldiz erretiratu behar izan nintzen, proban aurrean egoteko sekulako aukerak nituenean" dio. Altsasuarrak uztailaren 16an Ordizian antolatu den Ehun milak ultra-trailean parte hartuko du, distantzia luzeak primeran baitihoazkio. Kasu honetan 167 km eta 11.000 metroko desnibel positiboari egin beharko dio aurre. Ea zorte hobea duen.