Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kamioi gidariek aparkalekuan konponketak eskatu dituzte eta udalak eginen dituApirilaren 25ean lapur talde batek Altsasuko kamioien aparkalekutik bi kamioi eta haien erremolkeak lapurtu zituzten. Lapurrek ibilgailuekin Gasteizera joan ziren eta han laminatutako 100 tona altzairu lapurtu zituzten. Ondoren A-68 autopista hartu zuten. Kamioi baten gabarrari zamagatik gurpilak lehertu zitzaizkion eta autopistako atsedenleku batean utzi zuten. Autopistako langileek Calahorrako Guardia Civila jakinaren gainean jarri eta haiek izan ziren lapur taldea atxilotu zutenak. Guztira zazpi pertsona. Lapurreta horren ondoren, kamioi gidariak udalarekin harremanetan jarri ziren. Halakorik ez gertatzeko ardura gehiago eskatu diote udalari. Salatu dutenez, abendutik aparkalekuko sarrerako atea hautsita zegoen. Kamioilariak kexu ziren aparkalekua zabaldu zenetik ez dela ezer egin. Horiek guztiak asteazkenean udalak eta kamioilarien ordezkariek izandako bileran aztertu ziren. Altsasuko Udalak, bere aldetik, jakinarazi zuen aurki aparkalekua inguratzen duen hesia berritu eta altuago jarriko duela. Horretaz gain, segurtasuna handitzeko, udalak zortzi bideo kamara jarriko dituela jakinarazi zien kamioilariei.