Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Naiara Diez 1´87 metroko eta 22 urteko jokalari hegala da. Altsasuko Saskibaloi Taldean formatu zen eta Zizurko Ardoi taldean bi denboraldi eman zituen. 18 urterekin Zaragozako Mann Filter taldeak fitxatu zuen, eta lau urtez aritu zen emakumeen elite mailako Liga Femenina mailan zebilen Mann Filter taldean, hasieran talde filialean eta gero elite mailakoan, primerako lana eginez. Bada, aurten Nafarroara itzuli zen, Obenasa taldera, eta taldeak zuen helburua lortzen izugarri lagundu du Naiarak, Obenasa Liga Femenina 2 mailatik Liga Femeninara igo baita, sekulako denboraldia egin eta gero. Naiara Diazek azaldu duenez, denboraldia oso gogorra izan da, eta klubeko atal guztietan dagoen batasuna azpimarratu nahi izan du arrakastaren arrazoietako bat bezala. "Oso talde lehiakorra izan gara, eta gure arteko batasuna ezinbestekoa izan da igoera lortu ahal izateko. Oso kontentu nago lortu dugunarekin, eta meritua guztiena da, animatu gaituzten zaleak barne" zioen altsasuarrak. Halaber, taldeko zuzendaritzako kideak, teknikoak eta zaletuak izan zituen gogoan. Zorionak, bada, altsasuarrari.