Gamesa itxita, 150 lanpostu gutxiago Sakanan

Guaixe 2010ko mai. 10a, 00:00

Prentsara egindako filtrazio baten bidez jakin zuten Gamesako langileek Altsasuko lantegia itxiko zela. Aurreko ostiralean izan zen hori. Gamesako zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) ontzat jo du Espainiako Lan Zuzendaritzak. Bere erabakian jaso duenez, "Altsasun egiten den G52 aerosortzailearen fabrikazioan eta eskaeretan jaitsiera dago. Horrekin batera beste pala eredu bat eraikitzea ezinezkoa da. Beraz, justifikatuta dago Altsasuko lantegia ixtea".

Kolpe handia hartu dute langileek, eta haiekin batera ibarrak. Langileek esperantza zuten Nafarroako Gobernuaren kontsulta-txostenak proposatzen zuelako "merkatu eolikoa eta G-52 pala desagertuko den argitu bitartean kontratuak aldi baterako eteteko espedientea".

Erreakzioak
Jose Maria Roig Aldasoro kontseilaria ezustean hartu zuen lantegia ixteko erabakiak. Hala ere, Roigek esan duenez "gu ez gaitu desautorizatu. Ez genuen inongo autoritaterik eta gure txostena ez zen loteslea". Kontseilariak gaineratu zuenez, "gobernua ez dago polemikaren erdian. Enpresa batzordeari ez dio kasurik egin". Roigen ustez langileen ordezkariek gaizki egin dute 150 lanpostuen defentsan aritzean.

NaBaiko diputatu Uxue Barkosek, bestalde, Lan ministroak Espainiako Kongresuan itxieraren inguruan azalpenak ematea eskatuko du. Besteak beste, Nafarroako Gobernuaren txostena zergatik ez den kontuan hartu argitzeko eskatuko du Barkosek. Abian plataformak bere elkartasuna adierazi nahi izan die langile guztiei.

Abian-ek salatu du Nafarroako Gobernuak "berriro ere" sakandarroi bizkarra eman digula, "gure eskualdean eredu kapitalistaren krisiaren aurretik bizi  genuen desindustrializazioan sakonduz". Gamesako langileek haien lanpostuen defentsan eginen dituzten deialdietan parte hartzera deitzearekin batera, Abian plataformak "eskualde ikuspegia izango duen erantzun ahalik eta zabalena ematera" deitu du, hilaren 21erako bi orduko lan uztea deitua dagoela gogoraraziz.

Enplegu plana
Lan Zuzendaritzaren erabakia jakin eta gero Gamesako zuzendaritzak langileei beste lantegi batzuetara joateko aukera eskaini die berriro ere. Ostegunera arte izanen dute langileek taldearen beste lantegi batean lanpostua eskatzeko. Enpresak emandako telefono batera hots egin behar dute. Baina ez da denendako izanen. 150 langileetatik 90rendako (%60) besterik ez du lanpostua eskaintzen Gamesak. Beraz, 60 langabezian geldituko dira.

Zuzendaritzaren eskaintza hau da: 55 lanpostu Agoitzen (Altsasutik 86,5 km-ra); 12 Miranda de Ebron (82,5 km); 8 Imarkoainen (63,4 km), 7 Tuteran (157 km), 6 Iruñea (50 km) eta 2 Gasteizen (47 km). Zuzendaritzak ere estatuan eta atzerrian beste lanpostu batzuk eskaini ditzakeela aurreratu du. Bestalde, langabezian geldituko direnendako kalte ordaina lan egindako urte bakoitzeko 30 egunekoa izanen da, 12 hileko mugarekin.

Lantegia
Apirilaren 12an Gamesak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan idatzia aurkeztu zuen. Han jasotzen zenez, Altsasuko Gamesaren lantegia beste enpresa bat hartzeko eralda daiteke. Berrindustrializazio proiektua izanen luke eta haren bidez, langabezian gelditutako langileak kokatuko lirateke. Zuzendaritzak azaldutako asmo horren berri zehatzik ez dago.

Datuak
150 langile
14 urte Altsasun
Langileen bataz besteko adina 35 urtekoa da
Langileen %53 emakumeak
29 langilek lanaldi murriztua dute
8 bikote daude